AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Iturria: @elcorreo_com
2019/09/26 12:28

Elorrioko (Bizkaia) eraikin eta lokalen garbiketa zerbitzuko langileek greba mugagabea hasi zuten apirilaren 29an, eta 151 greba-egun egin dituzte dagoeneko. Tarte horretan, hainbat izan dira emakume langileek Eulen enpresa azpikontratatuari eta Elorrioko Udalari eginiko akusazioak. Greba eskubidea urratu izana, negoziaketa prozesuan aurrerapausorik emateko borondate eza, edota gezurretan ibili izana leporatzen diete, besteak beste.

EH Bildurena da Elorrioko Udalaren gobernua. Beharginek azaldu dutenez, euren grebaren ondorioak isilarazteko saiakera nabarmenak egin dituzte udalekoek; zerbitzu minimoak igoaraziz, edota udalerriko haurreskola lekualdatuz, “higiene baldintza ezegokiak” direla-eta. Eulen enpresa eta Elorrioko Udala formalki salatu ditu ELA sindikatuak, erabaki horiek greba eskubidearen kontrako ekintzak direla ulertuta.

Negoziaketa mahaia blokeatuta dago irailaren 13tik. Udaletxeak “datu faltsuak” aurkeztu zituen emakume langileen soldaten inguruan. Garbitzaileek adierazi dutenez, udalak euren soldaten datuak faltsutu zituen.  16.500 euro jasotzen dituzte urtean, baina udalak 30.000 eurora igo zuen argitaratutako zenbatekoa.

Udalaren jarrera ezkorra

Enpresa azpikontratatuko 15 langile horiek, sektorearen barruan existitzen den genero bereizketarekin bukatzeko abiatu zuten greba. Bada, enpresako emakume langileen eta beste postuetako langileen artean %80eko aldea dago soldatan.

Azken asteetan, ordea, udaletxeak saiakerak egin ditu udalerriko eraikin eta espazioen garbiketa beste bide batzuetatik bermatzeko, grebara batu ez diren emakume langileak lanean jarriz, zerbitzu minimoak igoz, edota hiritarren parte hartzea bultzatuz zerbitzu horiek bete ditzaten. Langileen ustez, greba oztopatzeko harturiko neurri horiek aditzera ematen dute udaletxearen jarrera ezkorra.