Etxebizitzarik gabe geratzeko arriskuan daude ehunka familia Donostian eta Iruñean

Azken hilabeteotan ere babes ofizialeko etxebizitza ugari erosi dituzte funts putreek. Horren ondorioz, bi hiriburuen artean, 460 familia daude kontratuak eteteko edota errenta igoera handiak jasateko arriskuan; hainbat kasutan, %100eko igoerak.
Argazki Nagusia
Argazkia: donostitik.com
2020ko otsailaren 13a

Donostian (Gipuzkoa) eta Iruñean (Nafarroa) salatu dutenez, ehunka dira funts putreek bi hiriburuetan izan duten esku hartzearen ondorioz etxegabetze arriskuan dauden familiak. Donostian, Ategorrieta, Amara Zaharra eta Gros auzoetan inmobiliaria batek errentan kudeatzen zituen hainbat etxebizitza erosi ditu Azora funtsak. Orotara, 300 familia ingururi eragin die aldaketa horrek; haietako batzuei, adibidez, ez dizkiete kontratuak luzatu nahi, eta "kalean geratzeko arrisku latzean daude" egun.

Hiri berdineko Benta Berri auzoan ere babes ofizialeko 510 etxebizitza daude funts putre baten esku; hain zuzen, Testa Socimi-Blackstone funtsa da jabea. Eusko Jaurlaritzak 1995. urtean atera zuen etxebizitza horiek eraikitzeko lehiaketa, Metrovacesa eta Vallehermoso eraikuntza enpresek irabazi zutena. 2016. urtean Testa Residencial Socimirekin fusionatu ziren, eta 2018. urtetik aurrera, Blackstone funtsa da inbertsiogile nagusia.

Bestalde, Iruñeko Errotxapea, Buztintxuri eta Ezkaba auzoetan ere operazio berdina egin du Testa Socimi-Blackstonek. Azken hilabeteotan etxebizitza publikoak erosi dizkie enpresa eraikitzaileei, gero, "merkatu askean" sartzeko. Oraingoz, 160 dira kalteturiko familiak. Kalean geratu nahi ez badute, funtsak igotako errentak ordaindu beharko dituzte. Kasu askotan, %100eko igoerak dira.

Dagoeneko mobilizazioekin hasi dira kaltetuak. Esate baterako, heldu den larunbatean, otsailak 15, protesta izango da Donostiako Inmobiliaria Vascongadaren aurrean.