EHUko Bilboko ikertzaileek protesta egin dute, ez dizkietelako dagozkien soldatak ordaintzen

Martxoaren 1ean onartu zituzten doktoregaien jardunaren inguruko estatutuak. Dena den, langile ikertzaileek salatu dute ez direla zehaztutako baldintzak betetzen. Atzo elkarretaratzea egin zuten Bilbon.
Argazki Nagusia
EHUko ikertzaileen protesta. Argazkia: Naiz
2019ko uztailaren 4a

EHUk antolatuta, doktoregaien jardunaldiak hasi ziren atzo Bilbon (Bizkaia). Goizeko lehen orduan, langile ikertzaileek protesta egin zuten Bizkaia Aretoaren atarian. lzan ere, martxoan adostu zituzten doktoregaien jardunaren inguruko estatutuak, baina langileek salatu dutenez, baldintza horiek ez dira betetzen. Azaldu dute hilean 1.000 euro azpitik ordaintzen dietela, eta adostutakoaren arabera, urtean 16.000 eurotik gora jaso beharko lituzketela. Hala, "soldata duin batetik urrun" daudela esan dute.

Ikerlarien asanbladak deitu zuen atzoko elkarretaratzea. 2017. urtean ekin zioten borrokari, euren lan baldintzen defentsan. Dena den, oraindik "erantzun positiborik" ez dutela jaso adierazi dute.