EHUk datorren asteko jardunaldiei "oztopoak eta mugak" ezarri dizkiela salatu du Herri Unibertsitateak

"Ikasle mugimenduaren eta antolakuntza propioaren aurkako jarrera autoritarioa" gaitzetsi dute ikasleek. Haien hitzetan, agerian geratu da EHUren izaera "burgesa eta antidemokratikoa".
Argazki Nagusia
Herri Unibertsitatearen prentsaurrekoa 20217an. Argazkia: Ecuador Etxea
2021eko martxoaren 13a

Atzo, martxoak 12, ohar bat argitaratu zuen Herri Unibertsitatearen antolaketa taldeak, salatzeko Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) ez dizkiela datorren astean Gasteizko (Araba) campusean egingo diren jardunaldietarako beharrezkoak diren instalazioak utzi ikasleei.


Haien arabera, "behar beste kudeaketa" egin dituzte, EHUren arautegia eta baldintzak betez; hala nola, jakinarazpena hamabost egun baino lehenago egitea, egitarauaren inguruko xehetasunak ematea eta konpromiso-agiriak sinatzea. Hori ez ezik, tokiko dekanotzarekin zein errektoreordetzarekin "hainbat aldiz" bildu direla baieztatu dute, bai eta errektoretzarekin harremanetan jarri direla ere. 


EHU EZEZKOAN


Dirudienez, izapide horiek guztiak ez dira nahikoa izan EHUrentzat, eta 200 pertsonatik gora bildu ditzakeen ekimenerako hemezortzi laguneko edukiera duten gelak baino ez ditu eskaini. Herri Unibertsitatearen antolakuntza taldeko kideei "iraingarria" iruditzen zaie proposamena. Are, erabaki hori hartu izana "arduragabekeria" dela ohartarazi dute, "arriskuan jarriko baitu segurtasun-neurriak betetzea, hitzaldietatik kanpo inguruetan bilduko den jende mordoagatik eta gelak campusean zehar sakabanatuta egoteagatik".


Ikasleek salatu dutenez, Herri Unibertsitatea antolatzeko behar adina baliabide eskaintzeko borondate falta horrek ez die segurtasun-irizpideei erantzuten. Izan ere, gogora ekarri dutenez, "ezin da Arabako campusean 7.000 ikasletik gora klaseetara itzultzeko arriskua hartu, baina pandemiaren aitzakiapean eztabaida eta hausnarketa bultzatzeko jardunaldiak debekatu".


EHUren jarrera "unibertsitatean azken urteotan jasandako askatasun politikoen murrizketaren baitan" kokatu dute. Gauzak horrela, jardunaldiak antolatzeko oztopoak "irmoki" salatu dituzte, eta egistasmoa "ahalik eta baldintza onenetan" gauzatu ahal izateko egingo dute borroka.


AURREKARIAK


Ez da EHUk Herri Unibertsitatea antolatzeko oztopoak jartzen dituen aurreneko aldia. 2017an, pandemia garaitik urrun, Bilboko (Bizkaia) San Mamesko campusean egitekotan zen Herri Unibertsitate nazionala debekatu zuen Ingeniaritza Eskolako zuzendariak. Debekuak debeku, bertan geratzea erabaki zuten ehunka ikaslek. Segidan, fakultatea husteko agindua igorri zuen Nekane Balluerkaren errektoretzak. Desalojoaren aurrean, 200 ikasletik gora Ingeniaritza Eskolako teilatura igo ziren, protesta modura.