AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Desjabetuon Hotela
2020/02/17 21:22

Legutioko (Araba) gazte antolatuek jakinarazi dutenez, gaur-gaurkoz desalojo arriskuan dago Desjabetuon Hotela. Gaur, otsailak 17, izan da proiektuaren aurkako epaiketa, eta hurrengo asteetan eraikina hutsarazi dezakete. Desjabetuon Hoteleko kideek adierazi dute "espazioa antolakuntza proletarioaren beharren eskura" jartzen jarraituko dutela, eta "langileon kontrolpeko espazioen defentsa eraginkorra garatzeko konpromisoa" berretsi dute. Hala, "Euskal Herrian prozesu sozialista elikatzen jarraitzeko", militante sozialistei dei egin diete "Desjabetuon Hotela eraikitzen jarraitzera".

Azken hilabeteetan eraikinaren legezko jabeek izan duten "etengabeko jazarpen jarrera" salatu dute gazteek. Izan ere, gunea birjabetu zuten unetik oldartu dira jabeak "proiektuaren alde zeuden zenbait herritarren aurka"; tartean, haietako batzuen aurkako epaiketari bide eginez.

Ia bi hilabeteko ibilbidea

Abenduaren 26an atera zen argitara Desjabetuon Hotela proiektua. Duela 15 urte eraiki zuten espazioa, baina ez du erabilerarik izan herriko gazte antolatuek birjabetu duten arte. "Gaur egun bizi dugun krisi testuinguruari aurre egiteko bidean, alternatiba zehatzak eta aterabide errealak" eraikitzeko jarri zuten martxan proiektua. Herrian dagoeneko martxan zeuden "dinamika kultural, sozial eta politikoen erdigunea" izatea hartu zuten abiapuntutzat, baita espazioa "prozesu sozialista indartzeko oinarrizko azpiegitura" izatea ere.

Ordutik, Legutioko zein Araba osoko militante sozialistek elikatu dute Desjabetuon Hotela. "Herriko gazte zein nagusiagoen sozializazio espazio· ere bilakatu da, eta askotariko borrokak aurrera eramateko aukera ere eman du; esaterako, Imaginate enpresak langileekin zituen zorrak ordaintzeko borroka abiarazteko eta irabazteko. Hitzaldi zein tailerrak ere antolatu dituzte Desjabetuon Hotelean, autodefentsaren edota logistikaren ingurukoak, eta Araba osoko militanteen beharrak asetzeko gaitasuna izan duela ere jakinarazi dute, besteak beste, formakuntza mintegiei eman baitie lekua.

EZ DAGO IRUZKINIK