David Pla Espainiaratzeko euroagindua onartu du Frantziako Estatuak

Frantziako Kasazio Auzitegiak atzera bota du David Plaren abokatuak aurkeztutako helegitea, eta beraz, ontzat eman du hura estraditatzea. Dei Auzitegiak azaroan eman zion baiezkoa Pla Espainiaratzeko eskaerari.
Argazki Nagusia
2019ko abenduaren 18a

Azaroaren 20an onartu zuen Parisko Dei Auzitegiak David Pla preso politikoa Espainiaratzeko euroagindua, baina helegitea aurkeztu zuen defentsak. Frantziako Kasazio Auzitegiak, ordea, gaur jakinarazi du helegitearen gaineko epaia: atzera bota dute abokatuak egindako eskaera, eta beraz, Espainiaratua izango da preso ohia.

Haren aurkako euroagindu eskaera onartu eta gero, adostasun batera heldu beharko dute Espainiako eta Frantziako estatuek. Hala, estradizioa nola, non eta noiz izango den erabaki beharrean daude.

Frantziako Estatuko auzitegiek aurten epaitu eta zigortu dute Pla (h)Alboka auziaren harira, ETA erakundeko kide izatea leporatuta; Espainiako Auzitegi Nazionalak delitu berdina egozten dionez, ezingo luke delitu berarengatik epaitu.

Apirilean irten zen espetxetik Pla, eta egun, Hendaian (Lapurdi) bizi da.

Urrutikoetxearen gaineko ebazpena, atzeratua

Bestalde, Frantziako Dei Auzitegiak gaur jakinarazi behar zuen Josu Urrutikoetxea preso politikoaren izenean dauden bi euroaginduen gaineko epaia. Hala ere, urtarrilaren 8ra arte atzeratu du erabakia jakinarazteko epea. Egun berean, Urrutikoetxearen aurka dauden estradizio eskaeren inguruko ebazpena ere argitaratuko dute auzitegiek, nahiz eta hori ere atzeratu daitekeen.