AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/04/21 19:03

Espainiako Estatuaren agindupean jarduten duen Correos enpresak berak apirilaren 13an eguneratutako datuen arabera, Hego Euskal Herrian, enpresa horretako 75 beharginek eman dute positibo koronabirusaren proban. Bestalde, beste 157 dira kutsatuekin kontaktua izateagatik berrogeialdian jarri eta bakartu dituzten langileak. Denera, beraz, Correosentzat soldatapean lanean dabiltzan 232 langileri eragin die birusak modu zuzenean, gutxienez. Datu horiek kontuan hartuta, Hego Euskal Herrian arlo honek izango luke kutsatuen bigarren ehunekorik handiena, osasun-langileen atzetik.

UGT eta CCOO sindikatuek salatu dutenez, Correos enpresak beharrezko segurtasun neurriak ezarri ez dituelako gertatu dira hainbeste kutsatze. "Higiene mekanismo desegokiak" izateaz gain, langileek 20 egunez prebentzio neurririk gabe jardun behar izan dutela jakinarazi dute. Bestalde, enpresari, "ezarritako errotazio neurriak" ez errespetatzea egotzi diote, horrek kutsatze arriskua areagotu duelakoan.

Langileen borrokak

Salbuespen egoera hasi zen astean bertan, adierazpen bateratu bat atera zuten Espainiako Estatuan Correosentzat lan egiten duten langileek, lanpostuan jasaten ari ziren arriskua zela-eta. Azaldu zuten, gainera, lanera joateari uko egingo ziotela enpresak langile bakoitza babesteko materiala bermatu ezean. Bi egunen buruan hasi zen enpresa zenbait neurri ezartzen, baina ez nahikoak.