AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
CAF-eko langileen manifestazioa
2019/10/16 10:50

Atzo, hilak 15, langile bat izan zen eraila Alegia (Gipuzkoa) inguruan, auto istripu baten ondorioz. Beasaingo (Gipuzkoa) CAF trenbide enpresan gaueko lanaldia amaitzean, autoa hartu zuen etxera itzultzeko, eta istripua izan zuen N-1 errepidean. 05:00ak aldera izan zen ezbeharra. Jazotakoaren aurrean, lanuztea deitu du CAFeko enpresa komiteak; hala, lankidearen erailketa salatzeko, langileek ordubetez lana utziko dute gaur, asteazkena, 11:00etatik 12:00etara.

Gutxienez 36 langile izan dira erailak urte honetan. Lanpostuan bertan gertatu dira erailketa gehienak, baina gero eta gehiago dira in itinere istripuak dituztenak, eta datu ofizialetan barnebiltzen ez direnak.

CAF: Irabazi gehien, hildako gehien

Duela mende bat baino gehiago Beasainen sortu zen CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles S.A.) trenbide konpainia; egun, irabazi gehien dituen Gipuzkoako enpresa. 4.000 langile inguru ditu soldatapean, eta Espainiako Estatuko aurreneko enpresa da trenbideen sektorean. Salmenta-markak hausteaz gain, heriotza tasetan ere ez da atzean geratzen; bada, gutxienez, 85 langile hil dira amianto urdinaren zuntzen eraginez. Horietako 38 Beasaingo instalazioetan aritutako beharginak dira; 45 Zaragozan, eta bi Irunen (Gipuzkoa). Amiantoaren ondorioz hilketa gehien eragin dituen enpresa da CAF Euskal Autonomia Erkidegoan, eta tasa altuenetarikoak ditu Espainiako Estatu mailan.