Buruko isuria izan du Julen Atxurra preso politikoak, eta Puerto I kartzelako erizaindegian dago orain

Gorputzaren ezkerreko aldean eragin dio isuriak. Berrogeialdia ezarri diote ospitaletik bueltan, eta Puerto I espetxeko erizaindegian dago orain. 61 urte ditu lekeitiarrak, eta jada 24 urtez izan dute gatibu, aurreneko graduan.
Argazki Nagusia
2020ko maiatzaren 25a

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, maiatzaren 13an buruko isuria izan zuen Julen Atxurra Pototo preso politikoak. Gorputzaren ezkerreko aldean eragin dio isuriak, hala nola, belaunean, oinean eta eskuko atzamarretan.

Hilaren 21ean, ospitaletik Puerto I kartzelara (Cadiz) lekualdatu zuten berriro, eta orain, hango erizaindegian dago. Berrogeialdia ezarri diote, eta Etxerat-ek azaldu duenez, COVID-19ak sortutako larrialdia hasi zenetik, "ohiko komunikazioak etenda" dituzte presoek.

Isuria gertatu eta zortzi egunera, ospitaletik espetxera eraman zutenean, senideei telefonoz hots egin zien Atxurrak. Aurreko larunbatean, hilak 23, bi senideren 40 minutuko bisita izan zuen. Azaldu dutenez, "gorputzeko gune kaltetuenetan sentsazioak berreskuratzen" hasi da.

61 urte ditu lekeitiarrak, eta 24 urte daramatza preso, 1996. urtetik. Beti aurreneko graduan izan dute gatibu.

Etxerat-ek gogorarazi du gutxienez 17 euskal preso politikok dituztela gaixotasun larriak. Bi presok 70 urte baino gehiago dituzte, hamabi 65 urtetik gorakoak dira, eta 24 dira 60 urte baino gehiago dituztenak.