AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Bilboko zamaketariak, 2017an. Argazkia: El Confidencial
2020/10/02 10:48

Uda hasieratik datorren gatazkak bere horretan segitzen du Bilboko Portuan; izan ere, zamaketariek salatu dute enpresen zuzendariek iruzurra egin dietela hitzarmen kolektiboa adosteko negoziaketetan. Hau dela eta, merkantzia galkorren eta arriskutsuen zamaketan izan ezik, gainontzeko alor guztietan greba egingo dute urriaren 9tik 25era, gutxieneko zerbitzuak ekidinez.

Enpresen iruzurraz gain, zamalariek salatu dute langileen ordutegiak ez direla errespetatzen. Haien esanetan, asteko atsedenak ez dira errespetatuak, ezarritakoa baino ordu gehiago egiten dituzte lan urtean, eta txanda luzeegiak egiten dituzte. Bestalde, aldi baterako langileen egoera ere gogora ekarri dute, eta %100ean enpresetako langile finko izatera igaro daitezen eskatu dute.

Hau dela eta, urriaren 9, 13, 19 eta 20an bi orduko lanuzteak egingo dituzte txanda bakoitzeko, eta urriaren 10, 11, 14, 15, 16, 17, 18, 21, 22, 23, 24 eta 25ean, aldiz, 24 orduko lanuzteak egingo dituzte.

Trabatutako negoziaketak

Hilabeteak daramatzate Bilboko Portuko zamaketariek eta enpresaburuek hitzarmen kolektiboa adosteko negoziaketetan. Aurtengo uztailean salatu zuten beharginek enpresetako zuzendariek ez zutela negoziaketek aurrera egiteko borondaterik, eta 21 eguneko greba deitu zuten abuzturako.

Greba hasi aurretik, ordea, bertan behera utzi zuten deialdia langileek, zuzendariek negoziaketetan aurrerapausoak eman zituztela argudiatuta. Bi hilabeteren ostean, berdin jarraitzen du egoerak, eta datorren ostiralean, urriak 9, grebari ekingo diote zamaketariek.