AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Eraso zuten pertsonaren aurpegia. Argazkia: SOS Arrazismoa
2021/02/18 18:49

Bilboko SOS Arrazakeriak gaur salatu duenez, aurreko larunbatean eraso "bortitz" bat jasan zuen 52 urteko gizon kolonbiar batek, Bilboko (Bizkaia) Errekalde auzoan.

Eraso zuten pertsona lagun baten etxera joan zen bisitan eta, 20:30ean etxetik irteten ari zela, hura asaldatu zuen beste gizon batek. Bisitaldi batean zegoela azaldu zion gizon kolonbiarrak eta alde egin zuen, baina jarraitu eta lepotik heldu zion erasotzaileak. 

Orduan, alde egiten hasi zen gizona, baina beste bost pertsona batu zitzaizkion hasierako erasotzaileari: beste lau gizon eta emakume bat. Kolonbiarra harrapatu eta jipoitu egin zuten, ihes egitea lortu zuen arte. Ihesaldian ere kolpeak jasan zituen, lurraren kontra jo eta buruan eta belaunetan kolpatu baitzuten.

Laguntza izan zuenean ospitaleratu zuten gizona, eta hainbat zauri larri biltzen ditu mediku-agiriak: garezurreko eta bularreko traumatismoa, ebakiak, belauneko kontusioa, hortz puskatuak...

SOS Arrazakeriaren salaketa

Erasoa arrazista izan zela eta "onartezina" dela salatu du SOS Arrazakeriak. Hori ez ezik, arrazakeria arrazoiak tarteko hainbat pertsonak jasan beharreko "indarkeria zein diskriminazioa egiturazkoak" direla azpimarratu dute.