Bilboko epaitegi batek iraungitzat jo ditu Araluceko 135 beharginen kontratuak

141 langile kaleratu zituzten Igorreko Araluce fabrika ixtean, baina 135 aipatzen ditu sententziak. Enpresaren galera ekonomikoak tartean, epaitegiak ebatzi du iraungita daudela lan-kontratuak. Dena den, Araluce Batz taldearen mende dagoela ere adierazi du, eta badirudi Batzek hartu beharko dituela bere gain kaleratzeen eraginak.
Argazki Nagusia
Argazkia: @ABizirik
2020ko uztailaren 18a

Merkataritza arloko Bilboko (Bizkaia) epaitegi batek atzo jakinarazi zuen Igorreko (Bizkaia) Araluce lantegiaren gaineko ebazpena. Epaitegiak iraungitzat jo ditu Araluceko 135 langileren lan-kontratuak, hainbat urtez metatutako galera ekonomikoak direla eta, "arrazoi ekonomikoa" ikusi duelako fabrikaren itxieran. Epaiak 135 behargin aipatzen baditu ere, 141 izan ziren kaleratuak, indarrez.

Batz kooperatibaren adarra da Araluce, eta 2019ko azarotik zegoen hartzekodunen konkurtsoan. 1949an sortu zuten enpresa, baina Batz taldeak erosi zuen 2016an.

Hortaz, epaitegiak dio "enpresa talde patologiko bat" dagoela kasu honetan: zuzendaritzari nahiz "kanpo itxurari" lotutako baldintza "unitarioez" gain, Batzek eta Aralucek "subordinazio irizpideekin" jarduten dutela adierazi du. Araluce Batz taldearen mende dagoela jaso du ebazpenean, eta beraz, Igorreko lantokia zarratzean gauzatutako kaleratzeen eraginak bere gain hartu beharko ditu Batzek.

Sententziaren arabera, soldatapean lanean aritutako urte bakoitzeko, 20 eguneko kalte-ordainak ordaindu beharko dizkie beharginei enpresak.

Langileek behin eta berriz aldarrikatu dute lan talde bat osatzen dutela bi markek, eta Batzen erantzukizuna seinalatu dute uneoro.