Bi langile erailak Zestoan eta Zarautzen

Bi langile erail dituzte gaur Gipuzkoan. Zarautzen, lanean ari zen garabia 30 metroko altueratik erori eta bertan hil da 32 urteko langilea; beste behargin bat ere zauritu da, garabiak azpian harrapatuta. Zestoan, zuhaitz bat erori zaio gainera 50 urteko langile bati. Aurten gutxienez 18 langile hil dituzte Hego Euskal Herrian.
Argazki Nagusia
Zarautz. (Argazkia: Urola Kostako Hitza)
2019ko maiatzaren 20a

Santa Engrazi (Zestoa) inguruko pinudi batean ari zen lanean 50 urteko langilea, Haitz Beltz enpresarentzako. Zuhaitz bat gainera erori, eta unean bertan hil da Urrestilako behargina, larrialdi zerbitzuen arabera. 9:45ean jaso dute abisua. Gutxienez bigarrena da aurten basogintzan eraildakoa; martxoan, Muxikan hil zen 61 urteko langilea. LABek salatu du sektoreko enpresek eta lan ikuskaritzak ez dutela neurririk hartzen.

Zarautzen, urbanizazio bateko obretan ari zen 32 urteko langilea, garabi batean, Gruas Pino enpresarentzat. Garabiarekin batera erori da 30 metroko altueratik, eta bertan hil da. Beste kide bat zaurituta dago, gruak azpian harrapatu ondoren. Zumarragakoa zen behargina, marokoarra jaiotzez.

2018an 68 izan ziren Hego Euskal Herrian lantokietan eraildako langileak.