Beste langile bat eraila Abadiñon, asteko bigarrena eta urteko hamaseigarrena gutxienez

Garabi batekin ari zen lanean behargina; antza, harrapatuta geratu da oxigeno bonbona batzuk garraiatzen ari zela. Atzo beste lan-heriotza bat izan zen Trapagaranen, eta urtea hasi zenetik, gutxienez hamasei dira soldatapean lanean ari zirela bizia galdu duten langileak.
Argazki Nagusia
2021eko apirilaren 9a

Apirilak 9 ditu gaur, eta hilabete honetan hiru lan-heriotza atera dira argitara jada. Gaurkoan Abadiñoko (Bizkaia) Cosmos lantegian zendu da behargin bat, soldatapean lanean ari zela. Garabi batekin ari zen beharrean eta, dirudienez, harrapatuta gelditu da oxigeno bonbona batzuk garraiatzen ari zen unean. Transportes Eguiara y San Juan enpresarentzat jarduten zuen soldatapean.

Atzo Trapagarango (Bizkaia) Funi-La Arboleda jatetxean hil zuten beste langile bat: karga-jasogailu batek azpian hartu zuen arratsaldean. Bestalde, hilaren 3an garraiolari bat izan zen eraila Tafallan (Nafarroa), errepidetik irten eta trenbide batera erori baitzen.

2021. urtea hasi zenetik, gutxienez hamasei lan-heriotza izan dira Euskal Herrian.