Beste bi emakumeri egin diete eraso haien bikotekideek, Tuteran eta Barakaldon

Tuteran, 30 urteko gizon bat atxilo eraman du poliziak, eztabaida izan ondoren bikotekideari erasotzeagatik. Barakaldon, aldiz, emakume bat fabrika zahar batean bahituta izan du haren bikotekideak; behin eta berriz kolpatu eta mehatxu egin dio han.
Argazki Nagusia
2021eko ekainaren 4a

Emakume bati eraso dio 30 urteko bikotekideak Tuteran (Nafarroa), eztabaida bat izan ondoren. Ondorioz, gizonak lesioak egin zizkion emakumeari, eta atxilotu egin zuen poliziak, genero indarkeriagatik. Erasoa joan den asteazkenean izan zen, arratsaldeko 17:00ak aldera.

Barakaldon (Bizkaia), bestetik, beste emakume bati eraso dio haren bikotekideak. Fabrika huts batean izan du hiru egunez giltzaperatuta, eta, han, behin eta berriz kolpatu eta mehatxu egin dio. Telefono mugikorra kendu zion gainera gizonak, inorrekin harremanetan jarri ez zedin.

Hiru egunez bahituta egon ostean, emakumeari joaten utzi zion erasotzaileak. Handik zenbait egunera, joan den astelehenean hain zuzen, saltoki batera elkarrekin joan ziren biak, eta gizonak berriz eraso zion emakumeari han: lurrera bota eta arrastaka atera zuen dendatik, eta iraindu egin zuen.

Banku batean eseri zen gero emakumea, eta orduan, labana bat lepoan jarri eta berriz egin zion mehatxu erasotzaileak. Une horretan jo zuten haiengana zenbait udaltzainek, erasoa ikusi zuten hainbat pertsonak ohartarazita. Astelehenean bertan eraman zuten atxilo gizona.


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik