Barakaldoko Udalak etxerik gabeko emakumeen aterpetxe bat itxi nahi duela ohartarazi dute

Zazpi erabiltzaile ditu aterpetxeak egun; tartean, genero indarkeria jasandako emakumeak daude. "Bakartzea kalteak eragiten ari da emakumeen lan baldintzetan, bizi kalitatean eta indarkeria matxista jasateko arriskuan", adierazi du Argitan elkarteak. Salbuespen egoeran, EAEn gora egin dute indarkeria matxista kasuek.
Argazki Nagusia
Argazkia: Argitan
2020ko martxoaren 25a

Barakaldoko (Bizkaia) Argitan elkarteak ohartarazi du hango udalak etxerik gabeko emakumeei bideratutako aterpetxe bat itxi nahi duela. Elkartearen arabera, apirilean gune hori ixteko asmoa du udalak. "Non pasatuko dute konfinamendua?", diote. Barakaldoko elkarteak gogorarazi du zazpi erabiltzaile dituela gaur egun aterpetxe horrek, tartean, genero indarkeria jasandako andreak ere badaude.

Koronabirusaren harira ezarritako salbuespen egoeraren ondorioz, larritzen ari dira indarkeria matxista kasuak ere. Hala ohartarazi dute Argitan elkarteko kideek: "Bakartzea kalteak eragiten ari da emakumeen lan baldintzetan, bizi kalitatean eta indarkeria matxista jasateko arriskuan". Gainera, gogora ekarri dute askok ezin diotela itxaron "normalitatera itzultzeari beren oinarrizko betebeharrak asetzeko, etxebizitza eta elikadura kasu". Erantzun "estrukturalak" eskatu dituzte egoerari aurre egiteko. Elkarteak lagundutako emakume langileen kopuruak gora egin zuen iaz, %23.

Salbuespen egoerak larriagotu egin du genero indarkeria jasaten dutenen egoera. Aurten hiru emakume erail dituzte, azkena, martxoaren 15ean, Soraluzen (Gipuzkoa). Etxean aurkitu zuten 74 urteko andrearen hilotza.

Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren indarkeria matxistarako behatokiaren arabera, 7.888 salaketa aurkeztu zituzten emakumeek 2019an; 2018an baino %4,8 gehiago.