Aurrera doa Marixol Iparragirre preso politikoaren aurkako epaiketa Auzitegi Nazionalean

Fiskaltzak 122 urteko kartzela zigorra eskatzen du Iparragirrerentzat, Auzitegi Nazionalak haren aurka zabalik dituen hamabi kasuetako batekin lotuta. Oraindik ez dakite noiz jakinaraziko duten auzi honen gaineko ebazpena, baina abokatuen arabera, preso politikoaren aurkako hurrengo bi epaiketak noiz izango diren esan diete; urrian eta urtarrilean.
Argazki Nagusia
Argazkia: Dani Dutch
2020ko uztailaren 9a

Atzo, uztailak 8, hasi zen Marixol Iparragirre preso politikoaren aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bi eguneko iraupena izango du Luciano Cortizo komandantearen hilketaren harira egingo dioten epaiketa honek. 2014. urtean lotu zuten eskoriatzarra auzi honekin, Frantziako Estatuan preso zutenean. Guztira, 122 urteko espetxe zigorra galdegin du fiskaltzak: 30 urte hilketa leporatuta, 80 urte hilketa saiakera leporatuta (atentatuan izan ziren zaurituengatik), eta hamabi urte lehergailuak izatea leporatuta.

Atzoko saioan Iparragirrek ukatu egin zuen Cortizoren hilketan parte hartu izana. Bestalde, adierazi zuen EPPKren ordezkari izateagatik eta ahotsa emateagatik jarri dituztela martxan haren aurkako auzibideak. Abokatuen arabera, oraindik ez dakite noiz jakinaraziko duen ebazpen zehatz hau Auzitegi Nazionalak.

Kasu honetaz gain, haren aurkako beste hamaika auzi ditu irekita Espainiako Auzitegi Nazionalak. Antza, urrian eta 2021eko urtarrilean izango dira hurrengo bi epaiketak.