Atzo Bilboko eta Baionako kaleak bete zituzten milaka pertsonak, amnistiaren zein preso politikoen eskubideen defentsan

Milaka pertsona kalera atera ziren atzo, urtero legez, amnistiaren zein preso politikoen eskubideen alde. Bilbon zein Baionan izan ziren mobilizazioak, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak eta Sare plataformak deituta.
Argazki Nagusia
Argazkia: @AmaiaUrtzelai
2020ko urtarrilaren 12a

Mobilizazio eguna izan zen atzokoa. Euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko Sare plataformak zein Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak deituta, manifestazioak izan ziren Bilbon (Bizkaia) eta Baionan (Lapurdi). Hala, milaka pertsonak bete zituzten kaleak, beste urte batez.

15:30ean hasi zen Sarek Baionan antolatutako manifestazioa, Orain presoak lelopean, preso politikoen eskubideen defentsan. Plataforma berak Bilbon deitutako mobilizazioa 17:00etan abiatu zen La Casillatik. 20:00etan, aldiz, Etxebarrieta Anaien Plazatik irten zen amnistiaren aldeko manifestazioa: AAEAMren eskutik, Bilboko alde zaharra zeharkatu zuten milaka lagunek, Borroka egitea zilegi da, amnistia osoa aldarrikapena ardatz.

Mobilizazioa amaitzean, Patxi Ruiz preso politiko txantrearrari elkartasuna adierazi zieten Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduko kideek: "Bahitzen duen kartzelazainetako baten erasoei aurre egiteko ebakidurak egin zizkion bere besoari. Protesta mota gogor hori presoek bizi duten egoera bortitzaren erakusgarri argia da".

Bestalde, azaldu zuten kartzela "sistema ustel honen iruzurra agerian uzten duen oro ezkutatzeko zaborrontzi erraldoia" dela, baita estatuek "altxatu nahi duten sektore horien artean beldurra hedatzeko erabiltzen dutela ere. "Kapitalismoak eragindako miseriaren ondorioak ezkutatzeko munstro hiltzailea da kartzela eta, batez ere, zapalkuntzari aurre egiteko altxatutako militanteak zigortzeko makina txikitzailea da", nabarmendu zuen AAEAMk.

Hala, amnistia "bere zentzurik politikoenean aldarrikatzen" dutela argitu zuten, hori, "zapalkuntzaren gaindipenaren aldarrikapen", "borrokaren zilegitasunaren defentsa" zein "bake faltsuaren eta asimilazioaren aurkako oihu" modura kokatuz. Bestalde, azpimarratu zuten "gatazkaren ondorioak" ardatz izatea eta "gatazka horri bide ematen dioten arrazoiak baztertzea" dela "zapalkuntza egonkortzeko eta borroka desaktibatzeko modurik onena".