AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: @jotabe1963
2020/01/07 18:08

Langile batek salatu du Iberdrola, Petronor, Izar, Repsol eta Unilever enpresek ezkutatu egin ziotela amiantoarekin lan egiteak zekarren arriskua, eta babesteko materialik ere ez ziotela eskuragarri jarri. Soldatapeko lanean aritu zen urteetan; material kutsakor horrekin jardun behar izan zuen, besteak beste, Pasaiako (Gipuzkoa) eta Santurtziko (Bizkaia) zentral termikoetan, Lemoizko (Bizkaia) zentral nuklearrean, eta Petronorren Muskizko (Bizkaia) findegian. Nagusiki, Iberdrolarentzat egin zuen lan. Ondorioz, egun, pleurako mesioteloma gaitza du beharginak, eta auzitara eraman ditu aipatutako enpresak, kalteordaina eskatzeko.

Epaiketaren harira, elkarretaratzea egin du ASVIAMIE elkarteak Bilboko (Bizkaia) auzitegien kanpoaldean, eta gaitzetsi du ez aipatutako enpresek, ez haiek azpikontratatutakoek, ez zutela langilea arriskuez ohartarazi, eta ez ziotela babesteko bitartekorik eman.

Gaitz ugari eragiten dizkie langileei amiantoarekin lan egin beharrak, baina guztiak ez daude gaixotasun profesional gisa aitortuak. Hori da elkartearen helburuetako bat. Gaur bertan, adibidez, Herrialde Katalanetan eraildako langile baten kasuan, esofagoko minbizia amiantoarekin aritu beharrak eragin ziola ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Konpentsazio Funts bat sortzea ere galdegin du amiantoaren biktimen elkarteak, beharginak prozedura judizial "korapilatsuetan" ibili behar ez izateko.

Gutxienez 30 erailketa, iaz

Hego Euskal Herrian ez du etenik amiantoaren eraginez hil dituzten langileen kontagailuak. ASVIAMIEk jasotako datuen arabera, gutxienez 30 erailketa izan ziren iaz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Abuztuan, esaterako, gutxienez hiru langile hil zituztela jakin zen. 1993. urtetik hona, gutxienez 2.422 hildako zenbatu dituzte.