Aiztondoko Gazte Asanbladak EH Bilduko Udal Gobernuaren “borondate politiko falta” salatu du gaztetxearen auzian

Irailean abiatu zuen Aiztondoko Gazte Asanbladak Kaxilda Gaztetxearen okupazioarekin amaituko zen prozesua. Gazte Asanbladak “truke baliotik at” kokatuko den harreman eredua eta “potentzialitate militantea” sustatu nahi ditu gaztetxearen bitartez. Jabearekin eta udalarekin irekita daukaten negoziazio mahia baina ez doa bide onean asanbladako kideek ohar bidez salatu dutenez. Bereziki, EH Bilduren “borondate politiko falta” salatu dute.
Argazki Nagusia
Asanbladako kideak Kaxilda Gaztetxean
2019ko maiatzaren 10a

Aiztondoko Gazte Asanblada joan den irailean sortu zen Aiztondoko bailaran. Bailarako egoeraren analisi bat egin ostean, Gazte Asanbladako kideak  “mugimendu politiko” baten gabezia zegoela, eta bailarako gazteen “potentzialitate militantea beste herri batzuetara bideratzen zela” ondorioztatu zuten. Hori dela eta, gazteak “taberna eta lokaletatik at” harremantzeko “modu berri bat” eratzeko beharra ikusi zuten.


Ildo horretan, Asanbladako kideek lau behar identifikatu zituzten, beraien proiektuaren oinarri izango zirenak: “truke- baliotik at” kokatuko den harreman eredu “berriaren” eraikuntza; Euskal Herrian “loratzen ari den korronte ideologikoaren” baitako formakuntza; “langile klaseko kide moduan gure beharrizan espiritualak zein materialak” asetzeko beharra; eta, elementu guzti horiek “batu eta gorpuztea” ahalbidetuko duen espazio fisiko eta autogestionatua.


Hala, Aiztondoko Gazte Asanblada martxoan  jarri zen kontaktuan Zizurkilgo Udalarekin. Udaleko aginte taldea EHBildurena da eegun. Proiektua barnebiltzen zuen memoria aurkeztu zioten udal taldeari eta “espazio fisiko baten beharra” azpimarratu zuten. Bide beretik, “negoziazio mahaia” ireki zuten. Negoziazio mahaiak “ez zuen fruiturik eman” asanbladako kideek azaldu dutenez.


Kaxilda Gaztetxeko kideen hitzetan Udal Gobernuari proiektua eta honek biltzen zituen edukiak “gustatu” bazitzaizkion ere, “horiek gorpuzteko” espaziorik ez zuela Udalak adierazi zieten. Hala ere, Gazte Asanbladak ez zuen Udalaren ezetza onartu, eta beraien beharretara egokitzen zen “propietate pribatu baten okupazioari” ekin zioten.


Hasiera batean, jabeen eta Asanbladaren arteko negoziazio mahai bat irekin nahi zuten. Hala ere, jabeak salaketa jarri zuen; ez zuen asanbladako kideekin soilik negoziatu nahi izan. Horrenbestez, Kaxilda Gaztetxeko kideek ez zutenn Udala negoziazio mahaian sartzea beste aukerarik izan. Horrela bada, egun, negoziazio mahaia “hiru agente”  horiek osatzen dute. Bailaran publiko egin duten komunikatuan adierazi dutenez, negoziazio “luzea eta pisutsua” ari da izaten; batez ere, Udala, hots, EHBildu, “prozesua luzatzen eta trabak jartzen” ari delako. Hala ere, Kaxilda Gaztetxeko militanteek ez dutela “amorerik emango” adierazi dute. Euren proiektuan eta honek “langile klasearen boterearen eraikuntzan” eragingo duela uste baitute. Beraz, argi dute, Udalaren diru-laguntzak jaso ala ez - euren ustez “borondate politikoaren” baitako erabakia izango dena- Aiztondoko Gazte Asanbladako kideek beraien borrokarekin aurrera jarraituko dutela adierazi dute.


“Beste herri eta bailara bat posible direlako, miseriazko mundu grisean gaurdanik esperantzazko gune gorriak eraikitzen hasteko! Kaxildatik ez dira pasako!”.



Komunikatua:


2019ko maiatzaren 8an

AIZTONDOKO GAZTE ASANBLADAK BAILARAKO HERRITARREI:


Badira hiru aste Aiztondon gaztetxe berri bat, hots, Kaxilda Gaztetxea, martxan jarri genuenetik. Asanbladako, eta beraz, Gaztetxeko ibilbidea ezagutzen duzuenok, jakin badakizue, ilusioz, determinazioz eta zintzotasun osoz eraman dugula aurrera hasieratik gure jarduna. Hala ere,  kontziente gara dimentsio honetako ekimen batek herrian izan dezakeen inpaktuaz, eta inpaktu honen ondorioz sortzen diren ezjakintasun eta zurrumurruez. Hortaz, Gaztetxea lortzeko prozesuaren inguruan sortutako kezkak argitzeko helburuarekin argitaratzen dugu komunikatu hau Aiztondoko Gazte Asanbladako kideok:

Martxotik Zizurkilgo Udalari espazio fisiko baten beharra eta honen zergatiak azalarazi zitzaizkion arren, inongo momentuan ez zitzaigun gure jarduna aurrera eraman ahal izateko espaziorik bermatu, ezta gure proiektua ahalbidetu dezakeen gunerik eskaini ere.  

A.G.A.-ren nahia Euskal Herria ertz batetik bestera kolektibizatzea eta jabetza pribatua abolitzea dela esateko ez dugu inongo arazorik. Autogestioa ipar dugun honetan, ordea, hankak lurreratu eta gaur egungo baldintza objektiboek gurea bezalako Gaztetxe bat autogestio bidez aurrera ateratzea zaila (ezinezkoa kasu honetan) egiten dutenaren jakitun gara. Horregatik, zilegia deritzogu herriaren mesederako izango den proiektua, instituzioek eskaini ditzazketen berme ekonomikoen bidez babestea. Argi utzirik, okupazioa zein Gaztetxea bitarteko gisa ulertzen ditugula, eta ez azken helburu bezala, sistema kapitalista gainditu eta gizarte berri bat eraikitzera bidean. Hortik, hasiera batetik aldarri izan dugun leloa; “kapitala suntsitzea ipar, mundu grixan gune gorriak eraiki”. Ekoizpen harreman berrien esperimentazioa ahalbidetzeko, gure klasearen kontrolpeko guneen eraikuntzari erreferentzia eginez.  

Aiztondon gazteri langilearen antolakuntza eta berpiztea esperantzaz eta ilusioz bizi izan dugunok ondo ulertzen dugu indar hau mantendu eta hauspotzearen behar zein garrantzia. Are gehiago, Aiztondoko gazteriaren atomizazioa (beste herri edo hirietara ihes egin beharra) ekiditeko irtenbide bakarrenetakotzat dugu Gaztetxearen sorrera. Hortaz, urgentziazko proiektu honek berehalako erantzukizuna suposatzen digu, loratu den potentzialitate militanteaz baliatu eta une hau aprobetxatzea ezinbestekoa delarik. 10 urtez itxaron dugu Gaztetxearen lorpena, gazteok ezin dugu eta ez dugu gehiago itxarongo.  

Egun, pisutsua, konplexua eta trabaz betea izaten ari den negoziazio prozesuan jarraitzen dugu indarrez eta prestutasunez. Negoziazio honen porrota, soilik borondate politiko ezaren edo interes ekonomiko indibidualisten ondorioz jasoko dela azpimarratu nahi dugu, aurrerago xehetasunez azalaraziko ditugun arrazoiak medio.  

Azkenik, proposamen, kezka edo zeresanak dituzuen oro gonbidatu nahi zaituztegu Gaztetxera hurbiltzera, kideokin hitz egitera edo gure paneletan aipatutako auziak idatziz ipintzera. Gaztetxea langile klaseko sektoreen elkargunea izatea dugu jomuga, eta bide honetan, Kaxilda denon indarraz iraunaraziko dugula argi daukagu. Aiztondoko desjabetuei elkartasunera eta erresistentziara batzeko deia egitea besterik ez zaigu geratzen, bailara eraldatzen jarraitzeko.


Oztopo guztien gainetik, Gaztetxeak bizirik!