Aitzol Iriondo preso politikoaren lagunek istripua izan dute, urteko seigarrena

Moulins-Yzeureko (Frantzia) espetxera bidean izan zuten auto istripua ostiral gauean, Etxerat-ek jakinarazi duenez. Ez zen inor zauritu, eta bisita egin ahal izan zuten. Elkarretaratzeak antolatu ditu Etxerat-ek Hegoaldeko hiriburuetan.
Argazki Nagusia
Argazkia: Etxerat
2019ko ekainaren 04a

Montluçonetik gertu, Euskal Herritik 620 kilometro ingurura izan zuten istripua Aitzol Iriondo preso politiko lasartearraren lagunek, orein baten aurka jotzean. Bost ordu eta erdi zeramatzaten bidean. Kalte larririk izan ez zutenez, Moulins-Yzeureko (Frantzia) espetxera iritsi ahal izan ziren. Iriondo 2008an atxilotu zuten, eta hogei urteko zigorra jarri zioten 2013an, eta duela bi urte, hamabi urteko beste zigor bat.

Euskal preso politikoen senide eta lagunek aurten jasaten duten seigarren istripua da, eta 13 pertsona izan dira kaltetuak. Azken 30 urteotan, Etxerat-en datuen arabera, 400 istripu inguru eragin ditu euskal preso politikoen aurkako sakabanaketa eta urruntze politikak: 1.000 bat kaltetu eta hamasei hildako.

Senide eta lagunen elkarteak deituta, kontzentrazioa egingo dute gaur Iruñean, 20:00etan, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean. Bilbon eta Gasteizen, 19:30ean elkartuko dira asteartean, Arriaga plazan eta Andra Mari Zuriarenean. Asteazkenean, Donostiako Bulebarrean egingo dute elkarretaratzea, 19:00etan.