Aitor Esnaola presoaren eskubideak urratu zituen Eusko Jaurlaritzak bere aitaren hiletan

Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzak Aitor Esnaola euskal preso politikoarekin izandako jarrera salatu dute haren lagunek. Legorretako presoaren aita aspalditik dago gaixo, eta maiatzean bisitatu zuen, zaintzapean. Astelehenean hileta elizkizunera joateko baimena eman zioten Esnaolari; Ertzaintzak, baina, "auto barruan bost orduz gatibu izan zuen", eta "familiarekin bost minutu baino ez zen egon".
Argazki Nagusia
Aitor Esnaola bisita zainduan. Argazkia: Argia
2019ko ekainaren 21a

Duela egun batzuk zendu zen Aitor Esnaola euskal preso politikoaren aita. Maiatzean bezala, hurbileko senideekin egoteko baimena eskatua zuen Esnaolak, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzak onartu egin zuen. Ohiko prozedurari jarraiki, Arabako Zaballa espetxera mugitu zuten presoa.

Haren lagunek azaldu dutenaren arabera, behin hurbiltzean, "Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailburuaren ardura da Epaile Zentralak ebatzitako erabaki agiria bere osotasunean betetzea ".

Dena den, erabaki agiri hori betetzerako orduan, Esnaolaren eskubideak urratu zituztela salatu dute lagunek: "Astelehenean Aitor bere aitaren hileta elizkizunera ekarri ez, eta kotxe barnean bost orduz gatibu izan zuten, loturik, herriko bazter batean. Eusko Jaurlaritzak eta bere Ertzaintzak ez zituzten Aitorren eskubideak bermatzeko behar ziren neurriak behar bezala hartu eta, ondorioz, Aitor bost minutuz bakarrik egon zen bere senitartekoekin".

Esnaolaren lagunen iritziz, Eusko Jaurlaritzaren portaerak berez "ankerra" den sakabanaketa politikaren "ondorio lazgarrienak" agerian utzi ditu. Gisa horretako jarrerek "normalizazio politikoa" oztopatzen dutela ere salatu dute.