AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Galdakaoko Gazte Asanblada
2019/11/20 11:51

Gaur, azaroak 20, Galdakaoko Gazte Asanbladako hiru kide epaitu dituzte Bilbon (Bizkaia). Galdakaoko (Bizkaia) gaztetxearen desalojoaren harira auzipetu zituzten maiatzean, eta izatez ekainean epaitu behar bazituzten ere, epaileak saioa atzeratzea erabaki zuen. Hala, gaur izan da epaiketa, eta akusazio partikularrak atzera egiteaz gain, hiru auzipetuentzako absoluzioa eskatu du fiskaltzak. Momentuan bertan jakinarazi du ebazpena epaileak: absoluzioa.

Akusatuei bi delitu leporatu zizkieten ekainean; hain zuzen, "usurpazioa" batetik, eta "kalteak" bestetik. Eraikinaren jabe juridikoak 4.000 euroan balioetsi zituen birjabetzeak eragindako "kalteak", eta beraz, usurpazio delituaz gain, auzipetuei kalteak egotzi edo ez erabaki behar zuen epaileak. Dena den, gaur jakinarazi dutenez, atzera bota dituzte akusazioak.

Galdakaoko gazte mugimenduko hainbat kidek maiatzaren 4an birjabetu zuten iraganean Jubilatuen Etxea zena, gaztetxe berria martxan jartzeko. Gazteen aurkako jazarpen polizial gogorra abiatu zuen Ertzaintzak hasieratik; besteak beste, identifikazioak, Mozal Legearen ezarpena edota jarraipenak salatu zituzten gazte asanbladako kideek.

Eraikina birjabetu eta hiru egunera izan zen gaztetxearen desalojoa, eta sei kide identifikatu zituzten orduan. Hala auzipetu zituzten gaur epaituak izan diren hiru pertsonak.

EZ DAGO IRUZKINIK