52 urteko espetxe zigorra ezarri diote Iñigo Guridi preso politikoari, 2000. urteko ekintza bat leporatuta

Fiskaltzaren eskaria onartuta, Espainiako Auzitegi Nazionalak hemeretzi urteko bi zigor ezarri dizkio "hilketa terrorista saiakera" egotzita, eta beste hamalau urteko bat "kalte terroristak egiteko ahaleginagatik".
Argazki Nagusia
Argazkia: El Correo
2020ko azaroaren 20a

Espainiako Auzitegi Nazionalak berriz zigortu du Iñigo Guridi Lasa preso politikoa: 52 urteko espetxe zigorra ezarri dio, 2000. urteko azaroko atentatu saiakera batekin lotuta. Cintruenigoko (Nafarroa) etxebizitza batean lehergailu bat ipintzea egozten diote, Guardia Zibil bat hiltzeko saiakeratzat hartuta. Jarri zuten lehergailuak ez zuen eztanda egin, dena den.

Epaileak azaldu du bi froga hartu dituela oinarri epaia ebazteko. Alde batetik, Guridi atxilotu zutenean, bere etxean lehergailuarekin lotura izan zezaketen hainbat elementu aurkitu zituztela dio. Bestetik, ETAren zuzendaritzari atzemandako eskuizkribu batzuk Guridik idatzi zituela irizten dio epaileak.

Gauzak horrela, fiskaltzaren eskaria onartuta, Auzitegi Nazionalak hiru zigor ezarri dizkio Guridiri: hemeretzi urteko bi kartzela zigor "hilketa terrorista saiakera" leporatuta, eta hamalau urteko bat, "kalte terroristak egiteko ahaleginagatik".