11.000 euroko kalte-ordainak egotzi dizkiete okupazio baten harira epaitutako bi hernaniarrei

Otsailaren 2an epaitu zituzten Hernaniko Gazte Asanbladako bi kide. Okupazio delituaz absolbitu badituzte ere, 11.000 euroko zigorra ezarri diete. "Jabeen interes ekonomikoei men egin die justizia burgesak beste behin", salatu du asanbladak.
Argazki Nagusia
Epaiketaren atarian Hernanin egindako manifestazioa, urtarrilean. Argazkia: @kontrakantxag
2021eko maiatzaren 13a

2017ko udan egindako birjabetze baten harira epaitu zituzten Hernaniko (Gipuzkoa) bi gazte otsailaren 2an, eta ebazpena jaso dute jada Hernaniko Gazte Asanbladako kideek. Etxebizitzaren legezko jabeak hainbat delitu leporatu nahi zizkien bi gazteei; besteak beste, usurpazioa, lapurreta eta kalte materialak eragitea. Asanbladak jakinarazi duenez, okupazio delituaz absolbitu dituzte auzipetutako bi gazteak, baina 11.000 euroko kalte-ordainak ezarri dizkiete.

"Besterik egotzi ezin eta jabeen interes ekonomikoak asetzera begira emandako epaia dela uste dugu", salatu dute asanbladako kideek.  Zigor ekonomikoari aurre egiteko, hurrengo egunetan kanpaina ekonomiko bat abiatuko dutela jakinarazi dute.

Zuzenbide burgesa

"Hasieratik defendatu genuen auzipetuen absoluzioa, eta epaiketan frogatu genuen bezala, urte luzez abandonatuta eta kaltetuta zegoen etxea berreskuratu, berregokitu eta oinarrizko beharrak asetzera bidean jartzeko borondatea izan genuen", adierazi du Hernaniko Gazte Asanbladak. Gainera, egindako hautua berretsi eta bide horretan lan egingo duela argi utzi du: "Okupazioaren defentsan zein langileon oinarrizko beharrizanak bermatzearen defentsan aurkituko gaituzue".

Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak eta Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak elkartasun osoa adierazi diete epaitutako bi gazteei, eta legedi burgesa seinalatu dute: "Epaitegi burgesen logika agerian geratu da beste behin. Gogor zigortzen da hutsik dagoen hori proletariotzaren beharrei erantzuteko jabetzea".


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik