AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: @erresidentziak
2020/12/11 14:39

Ostegunean eta atzo, ostirala, grebara jo dute berriro Gipuzkoako erresidentzietako langileek. Osotara, 246 greba egun egin dituzte azkeneko bi urtetan: 2008tik ez da berritu Gipuzkoako lan-hitzarmena, egoitza gehienetan lan-baldintzak izoztuta daude 2016tik, eta probintziako hitzarmenaren gaineko negoziazioa blokeatuta dago 2017tik. Langileek behin eta berriro salatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta zentroak kudeatzen dituzten enpresek entzungor egiten dietela haien eskakizunei.

Hala, sektorea duin egitea eta lan-hitzarmenean haien eskaerak barne hartzea eskatu dute berriz, besteak beste, ratioak eguneratu eta langile kopurua handitzea. Ostegunean mobilizazioak egin zituzten Gipuzkoako hainbat udalerritan eta gaur, hilak 12, manifestazioa egin dute Donostian (Gipuzkoa). Guztira, 5.000 langile inguru zeuden grebara deituta.

Beharginen esanetan, pandemia egoerak erresidentzietan lehenagotik zeuden gabeziak azaleratu ditu, beraz, "pribatizazioan eta langileen prekaritatean" oinarritutako sistema aldatzea galdegin dute.

%100EKO GUTXIENEKO ZERBITZUAK

Urriko eta azaroko greba deialdietan egin bezala, Eusko Jaurlaritzak %100eko gutxieneko zerbitzuak inposatu zizkien langileei joan diren ostegunerako eta ostiralerako. Salatu dute urratu egiten zaiela greba eskubidea, eta etengabe ezartzen dizkieten gutxieneko zerbitzu altuek erakusten dutela baldintza minimoetan ari direla lanean egunerokotasunean.