AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/20 10:22

Beste pertsona migratzaile baten hilotza topatu dute Bidasoa ibaian, Irun (Gipuzkoa) inguruan. 25 urteko ginear bat da hildakoa, eta antza, maiatzetik zegoen Espainiako Estatuan; Kanariar uharteetan izan zen lehenengo. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak larunbatean eman zuen heriotzaren berri, eta "berriki" hil zela azaldu bazuten ere, gaur egingo diote autopsia gorpuari. Dena den, badirudi itota hil zela gaztea, Gipuzkoa eta Lapurdi bereizten dituen muga igarotzeko ahaleginean.

Urtea hasi zenetik, gutxienez bi migratzailek galdu dute bizia Bidasoa ibaia gurutzatu nahian. Martxo erdialdean jakinarazi zuten Bidasoan desagerturiko pertsona baten bila ari zirela, eta martxo amaieran aurkitu zuten gorpu bat han. Apiril bukaeran, bestalde, beste migratzaile bat desagertu zen ibaian; ez zuten horren inguruko berririk argitara eman gero.

Iazko apiriletik hona, gutxienez hamar pertsona hil dira Gipuzkoa eta Lapurdiren arteko muga-bidea gurutzatu nahian. Horietatik zazpi zendu dira Bidasoan itota, eta hiru trenak harrapatuta, Ziburun (Lapurdi). Bestalde, Irunen, Bidasoa ibaitik gertu, bere buruaz beste egin zuen apirilean gazte migratzaile eritrear batek.

EZ DAGO IRUZKINIK