Beste etxegabetze baten berri eman dute gaur Euskal Herrian, oraingoan, Bilboko (Bizkaia) Zurbaranbarrin. Familia bat bere etxetik bota dute gaur goizean, bizitoki-alternatibarik gabe, eta tartean dira adin txikiko bi seme-alaba. AZET Etxebizitza Sindikatuak kaleratzearen aurka protesta egitera deitu zuen, eta goizeko 11:00ak baino lehen jakinarazi du Polizia bertan zela dagoeneko.
Nahiz eta idazkari judiziala ez den bertaratu eta Bizkaiko Auzitegiak aitortu zuen familia "zaurgarritasun" egoeran dagoela, etxegabetzea modu irregularrean gauzatu du Poliziak, atari aurrean zeuden pertsonak indarrez bota ostean. Arratsaldeko 15:00ak igarota jakinarazi du AZETek kaleratzea burutu zutela jada polizia-indarrek, eta manifestazio bat antolatu dute arratsaldeko 19:00etarako, etxegabetzearen aurka eta familiarentzako bizitoki-alternatiba baten alde.