Gaur ere, goizeko lan-txanda hastearekin batera, lantegiko sarrera blokeatu dute Ezkirozko (Nafarroa) BSH enpresako langileek: suzko barrikada bat egin dute sarrerako ateen aurrean, berehalako itxieraren aurka protesta egiteko. Aurreko asteartean ere galarazi zuten sarbidea, eta eserialdi baten bidez, enpresako zuzendari nagusia lantokira sar zedila ekidin zuten.
Aurreko astean jakin zen irmoa dela enpresako zuzendaritzaren erabakia, eta behin betiko zarratuko duela fabrika. Bihar hasiko da itxieraren eta kaleratze masiboaren baldintzak hitzartzeko negoziaketa, zuzendaritzaren eta langileen ordezkarien artean. Prozesua amaitzean, baina, gaur egungo plantilla osatzen duten 655 beharginek galduko dute euren lanpostua.