AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Stop Kaleratzeak eragilearen prentsaurrekoa. Argazkia: Irati Salsamendi
2020/06/10 17:53

Hainbat eragilek Donostiako (Gipuzkoa) Benta Berrin gauzatu daitekeen etxegabetze bat salatzeko elkarretaratzea deitu dute biharko, hilak 11. Kaleratzeak Stop plataformak, Azoraren Maizterrek eta Alokairu bizilagunen elkarteak Irutxuloko Hitza-ri jakinarazi diotenez, epaitegiek ohiko funtzionamendua berrartu zuten hilaren 4an, eta horren ondorioz, etenda zeuden hainbat prozedura martxan jarri dituzte berriro. Horien artean, Victoria izeneko bizilagun baten kasua nabarmendu dute: Testa Socimi-Blackstone putre funtsak bere aurka ezarritako salaketak aurrera darrai, eta kaleratua izateko arriskuan dago.

Ekainaren 16rako ezarri dute Victoriaren aurkako ahozko epaiketa, eta etxegabetzea, berriz, irailaren 9rako aurreikusi dute.

Benta Berriko babes ofizialeko etxebizitzek 2028. urtera arte baino ez dute mantenduko babestu izaera. Hortaz, Kaleratzeak Stop plataformak, Azoraren Maizterrek eta Alokairu bizilagunen elkarteak salatu dutenez, Victoriak bizi duen egoerak argi erakusten du "putre funtsaren jarrera nolakoa izango den" 2028. urtea iritsi eta Benta Berriko etxebizitzak Eusko Jaurlaritzaren eskumenetik kanpo geratzen direnean.

Eragile horietako kideek adierazi dute Testa Socimi-Blackstonek ez diola Victoriari "etxebizitzarako bestelako aukerarik eman". Gainera, joan den abenduan nahiz salbuespen egoeran zehar azaldu diote funtsari zonaldean bi etxebizitza daudela hutsik. Pisu horien alokairua 450 euro ingurukoa da, eta "Victoriak hori ordaintzeko ahalmena" izan arren, funtsak ez du aukera hori aintzat hartu. Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Saileko ordezkariari ere eman diete aukera horren berri.