AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2019/04/30 14:24

Gaur, larunbata, Beñat Zelaia gazte altsasuarra atxilotu du Guardia Zibilak. Ikasle Abertzaleak ikasle antolakundeak sare sozialetan jakinarazi duenez, 2016ko apirilean Leioako campusean errepresioaren aurka egindako mobilizazioetan Ertzaintzak atxilotutako sei ikasleetako bat da Zelaia. Epaiketara deitu zuten, baina ez zuen bere burua aurkeztu. 2017ko azaroan jaso zuen deklaratzera derrigortzeko atxilotze agindua.

2016ko apirilaren 26an izan zen manifestazioa, Ikasleon aurkako erasorik ez! lemapean. Ikasle mugimenduak bost exijentzia egin zizkion EHU-UPVri: 2016ko martxoan Bilboko San Mameseko unibertsitatean atxilotutako ikasleei espediente disziplinariorik ez irekitzea (Herri Unibertsitatea aurrera eramateko San Mamesen itxialdia egiten ari zirela atxilotu zituzten); 2016ko martxoan atxilotu zituzten Gasteizko ikasleen aurkako salaketak eta gainontzeko neurriak atzera botatzea; Leioako ikasle auziperatu baten auzian esku hartzea eta bere egoerari konponbidea bilatzea; EHU-UPVra Ertzaintza sartu ez zedin behin betiko neurriak hartzea; eta fakultateetan zeuden indar polizialak kanporatzea.

Mobilizazioan Leioako Errektoretzan sartzen ahalegindu ziren ikasleak, baina Ertzaintzak indarrez atera zituen. Sei ikasle atxilotu eta auziperatu zituzten, tartean, Zelaia altsasuarra. Horretaz gain, 15 ikasle baino gehiago zauritu zituzten ertzainek.

Leioako 6ak aske dinamika

Gertatutakoaren harira auziperatu zituzten sei ikasleek Leioako 6ak aske dinamika abiatu zuten. 2017ko azaroan argitaratutako irakurketan, honakoa adierazi zuten: “Argi daukagu estatus quo-a zalantzan jartzen duen edozein mugimenduk errepresioa jasango duela estatuaren partetik. Zentzu horretan, ikuspegi berdinean mantentzen gara, borrokarako prest”.

Inputatzen zaizkien karguak ez dituztela onartzen ere azaldu zuten, hain zuzen, “desordena publikoa, desobedientzia, agintearen kontrako atentatua, kalteak, lesioak eta irainak”. “Parte hartu genuen manifestazioa ekimen politikoa zen heinean, bere izaera eta eduki politikoagatik zapaldu, atxilotu eta epaituko gaituzte”, gehitu zuten.

Gaur elkarretaratzea Altsasun

Altsasuko Gaztetxeko, Ikasle Abertzaleakeko eta Ospa mugimenduko kideek jakinarazi dutenez, Zelaiaren atxiloketaren harira, elkarretaratzea egingo dute gaur. Altsasuko udaletxe aurrean jarri dute hitzordua, 17:00etatik aurrera.