Barakaldon (Bizkaia) soilik, 140 bat lagun bizi dira kalean baldintza txarretan, Berri Otxoak kolektiboaren esanetan. Herenegun, elkarretaratze bat egin zuen Barakaldoko udaletxearen aurrean, etxerik gabeko pertsonen egoera salatzeko eta guztientzako etxebizitza-eskubidea aldarrikatzeko.
Ecuador Etxea-k jaso duenez, esku-hartze sozialerako taldeek azaldu dute 28 lagunentzako plazak dituela Lasesarreko udal-aterpetxeak. Beraz, Barakaldon kale-egoeran dauden pertsonen %20 besterik ez dituzte hartzen bertan. Gainera, araudiaren arabera, pertsona bakoitzak hiru hilean astebete baino ezin du igaro aterpetxe horretan, eta babesik gabe uzten ditu gainerako egun guztietan.
Eguneko arreta-zerbitzua ere leporaino dagoela jakinarazi dute, eta 100 lagunek baino gehiagok igaro behar izaten dutela eguna kalean, oinarrizko bizi-baliabiderik gabe. Berri Otxoaken esanetan, bereziki larria da kale-egoeran dauden emakumeen kasua: urtebete baino gehiago darama itxita etxerik gabeko emakumeentzako aterpetxeak.
Berri Otxoakeko kideek, hala, Barakaldoko Udalari exijitu diote "herriko etxerik gabeko pertsona guztiei irtenbide eta etxebizitza duina eskain diezaiela", eta udal-arduradunei eskatu diete "premiaz jardun dezatela, etxerik gabeko inor kalean egun bakar batez ere bizi ez dadin".