Bizilagunen mehatxuak salatu dituzte Baionako osasun langileek

Baionako auzo berdineko bi erizainek adierazi dutenez, gutun anonimoak jaso dituzte etxean eta autoetan: etxetik ahal bezain "urrunen" eta "azkarren" joateko eskatu diete hala, egiten duten lanarengatik "arriskutsuak" direnaren aitzakia erabiliz.
Argazki Nagusia
Baionako ospitalea.
2020ko apirilaren 2a

Baionako (Lapurdi) ospitaleko bi osasun-langilek salatu dutenez, haien aurkako gutun anonimoak aurkitu dituzte etxean eta autoetan, "bizilagunek" anonimoki izenpetuak. Bertan, auzokideen bizitza "arriskuan" jartzea leporatu eta neurri bereziak errespetatzea eskatu diete; hala nola, autoa etxetik urrunago aparkatzea edo etxeko eremu komunak ez erabiltzea eskuak desinfektatu gabe edo eskularru gabe.

Idatzia amaitzeko, baina, sinatzailek esaten diete "ideala" haiek etxetik ahal bezain "urrunen" eta "azkarren" alde egitea dela, ondorengo esaldiarekin borobilduz eraso anonimoa: "Gure bizitzengatik beldur gara, hemendik baztertu behar zenuke".

Antzeko eraso eta mezu anonimoak jaso ditu Baionako anbulantziak gidatzen dituen emakume langile batek ere, osasun langileen aurkako jarrerak areagotzen ari diren egoera honetan.

Euskal Herri osoan, osasun langileak ere Covid-19 birusak sortutako krisiaren aurkako lehen lerroan emanak dira, maiz, haien segurtasuna bermatzeko beharrezkoa zaien material eta bitartekorik gabe. Pasa den martxoa amaieran, Basurtuko Ospitalean (Bizkaia), 52 urteko erizain bat eraila izan zen, koronabirusak jota.