AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Visesa
2022/07/15 10:16

Geratzeko etorri da bizitzaren garestitze prozesua. Langileentzat etengabe ari dira igotzen bizi-baliabideen prezioak, eta ekaineko datuek erakutsi dutenez, etxebizitzen kostua ez da salbuespen bat: Espainiako Estatuan %19 igo omen da kostua, argi, ur, gas eta abarren hornidurak kontuan hartuta.

Testuinguru horretan eman du berria Eusko Jaurlaritzak: "kostu errealera" egokituko ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako babes publikoko etxebizitzen prezioak; alegia, garestitu egingo ditu. Atzo argitaratu zuen neurria EAEko Aldizkari Ofizialean. Bieba Bizkaiko eraikuntza patronalaren arabera, eraikitzeko gastuek gora egin dute, eta gaur egun ezarrita dauden prezioen truke "ezin da etxerik eraiki".

Berez, 2010etik egon dira izoztuta babes ofizialeko etxebizitzei ezarritako gehienezko prezioak. Orain, araubide orokorreko etxebizitzen prezioak %11,9 eta %13,95 artean igoko ditu Jaurlaritzak; udalerri bakoitzeko baldintzen eta eraikuntza gastuen arabera aldatuko da igoera hori.

Babes ofizialeko etxebizitzen alokairuen eta aldi baterako bizitokien kanonak ez dituzte aldatuko. Etxebide zerbitzuak nabarmendu duenez, alokairuak eskatzen dituzten biztanleen diru-sarrerek behera egin dute.

Merkatu egingo dituzte, bestalde, babes ofizialeko etxebizitza tasatuak; %10,61 eta %0,33 artean jaitsiko dira prezioak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etxebizitzen gehienezko prezioa, dena den, "estatuko handienetako bat" dela zehaztu dute aldizkarian.

Jaurlaritzaren esanetan, prezioak aldatzeak badu helburu nagusi bat: sustatzaile pribatuek salmentarako etxebizitza babestuak eraiki ditzaten bultzatzea. Izan ere, 2020tik, eta Etxebizitzaren Legeak dioenaren arabera, Jaurlaritzak eta gainontzeko administrazio publikoek alokairu-erregimenean baino ezin dute eraiki. Gaur egun, babes ofizialeko 69.000 etxebizitza inguru daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Inflazioa, goraka

Espainiako Estatistika Institutuak (INE) aste honetan baieztatu duenez, azken 37 urteetako inflazio mailarik altuena erregistratu da ekainean Espainiako Estatuan: %10,2ra igo da ehunekoa.

EZ DAGO IRUZKINIK