AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / La Moncloa
2025/05/27 11:14

Entitate Kritikoen Babeserako eta Erresilientziarako Legearen aurreproiektua aurkeztu du jada Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak. Aurreproiektu horren helburua da, hain zuzen ere, "funtsezko azpiegituretako segurtasuna eta erantzuteko gaitasuna indartzea, hala nola zentral energetiko, aireportu, ospitale eta ur-sistemetakoa, jatorri naturaleko edo giza-jatorriko mehatxuen aurrean".

Fernando Grande-Marlaskak Ministroen Kontseiluan aurkeztutako testuak 2022ko Europako zuzentarau bat aldatzeko betebeharrari erantzuten dio, eta apirilaren 28an Iberiar Penintsula osoari eragin zion itzalaldiaren ondoren etorri da. Neurri nabarmenen artean, legeak aukera emango luke, "behar bezala arrazoitutako kasuetan", "kritikotzat" edo funtsezkotzat jotako sektoreetako entitate pribatuek Barne Ministerioari eskatzeko langileen aurrekariak azter ditzala, behargin horiek lan konprometituetan jarduten badute edo instalazio, sistema edo informazio garrantzitsuetarako zuzeneko edo urruneko sarbidea badute.

Aurrekarien azterketa horrek Segurtasuneko Estatu Idazkaritzaren baimena beharko luke, eta honako esku-hartzeak jasoko lituzke: langileen nortasuna egiaztatzea, Espainiako Estatuko eta Europako erregistroetako aurrekari penalak berrikustea, eta inteligentzia-informazio garrantzitsua ikertzea. Adierazitako helburua da "kasuan kasuko entitate kritikoaren segurtasunerako balizko arrisku bat ote dagoen ebaluatzea", El País egunkariak eskuratu duen testuaren arabera.

Araudi horrek, gainera, erresilientzia-plan bat egitera behartuko lituzke entitate kritiko guztiak, publikoak zein pribatuak, sei hilabeteko epean. Neurri teknikoak, antolakuntzakoak eta segurtasunekoak zehaztuko dituzte plan horietan, gorabeherak prebenitzeko, horiei erantzuteko eta horiei aurre egiteko, "klima-aldaketara egokitzea eta instalazioak fisikoki babestea" barne. Plan horiek Barne Ministerioak baliozkotu beharko ditu, eta Entitate Kritikoen Babeserako eta Erresilientziarako Zentro Nazionalaren (CNPREC) bidez koordinatuko dira.

Proiektuaren helburua da Europar Batasun osoan azpiegitura kritikoen babesa bateratzea, eta, Moncloaren arabera, "mehatxuen gero eta konplexutasun handiagoari erantzuten dio, ziberkrimenetik hasi eta muturreko fenomeno meteorologikoetaraino".

EZ DAGO IRUZKINIK