AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/05/15 10:30

Bart Urola Erdiko hainbat enpresa eta banketxe seinalatu dituzte, Israelgo Estatua palestinarren kontra gauzatzen ari den genozidioan parte hartzen dutela salatzeko. Hain zuzen, Xubi Group enpresa markatu dute Azkoitian (Gipuzkoa) eta Tecnalia Azpeitian (Gipuzkoa), baita BBVA bankua ere.

Armagintzako Xubi Groupek gerrarako askotariko materiala ekoizten du: Leopard tankeak, droneak, sateliteak... Besteak beste, industria militarraren inguruko Eurosatory azokan parte hartu zuen iaz Azkoitiko konpainiak, eta bere web-orrian aitortzen du harremana duela Israelgo Estatuarekin.

Tecnaliari dagokionez, Ikerketan eta Garapenean jarduten du batez ere, gaitasun militarretara eta "segurtasunera" bideraturiko teknologian barne. Bere bezero nagusiak dira sionistekin negozioak dituzten enpresak (hala nola SAPA, Indra, Boeing edo Thales), eta palestinarren aurkako sarraskian duen erantzukizunaz gain, besoz beso aritzen da Espainiako Estatuko armagintzako patronalarekin, TEDAE.

BBVA ere jarri dute jopuntuan bart Urola Erdian. Izan ere, hura da armagintzako enpresetan gehien inbertitu duen 41. banketxea mundu mailan, eta sionistekin harreman komertzialak dituzten konpainia ugari finantzatu ditu: Boeing, General Dynamics, Thales eta abar. 

Nafarroako M Torres ere errudun

Gaur goizean, Israelgo Estatua gerra-materialez hornitzen duen beste enpresa bat seinalatu dute Euskal Herrian: Dorreko (Nafarroa) M Torres, hain justu. Palestinarekin Elkartasuna plataformak egin du protesta-ekintza: enpresaren aurrealdea oztopatu du, M Torres genozidioaren konplize dela oroitarazteko. Gerra-hegazkinak egiten ditu.

Larunbat honetarako, maiatzaren 17rako, mobilizazio bat antolatu du Palestinarekin Elkartasunak, Iruñean (Nafarroa). Palestinaren askatasuna eta Israelgo Estatu terroristaren desegitea aldarrikatzearekin batera, sionistekin harreman oro etetera deituko dute manifestazioan.

EZ DAGO IRUZKINIK