AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: LIAS
2019/05/30 23:09

Lizarrako (Nafarroa) Lizarraldeko institutuko ikasleek otsailean eman zuten Lizarraldeko Ikasle Autodefentsa Sarearen sorreraren berri. Ordutik hona, hamaika izan dira elkartasun sarearen bidez landu eta erein dituzten borrokak; hala nola, "azterketen ordutegi aldaketa eskatzeko sinadura bilketa; emakume langileon borrokan, Martxoaren 8aren harira egindako jarduerak; irakasle autoritarioen aurrean, ikasle batasuna" eta abar. Eunateko ikasleek bideo-zaintza kameren aurka abiatutako borrokarekin ere bat egin zuten.

Orain, ikasturte amaieraren atarian, ikasturtea "luze eta aberasgarria" izan dela azaldu dute Lizarraldeko sareko kideek: "Urtero bezala, ikasleok hainbat arazo eta borroka beharrekin topo egin dugu, baina oraingoan, autodefentsa eta elkartasuna ardatz, erantzun bateratuak emateko ordua zela ohartu gara".

Hala, elkartasun sarearen jardunaren bidez, garaipen bat eskuratu dutela ere azaldu dute; hain zuzen, komunak beti irekita mantentzea. "Hasiera batean, klase orduetan komunak itxirik zeuden, eta horietara sartzeko, ikasleok irakasleei giltzak eskatu behar genizkien, kasu askotan ezezkoa jasoz", esan dute. Neurria "ikasleok bizi dugun sumisio eta kontroletako bat" zela ulertuta, komunak beti zabalik izateko eskubidea aldarrikatu zuten. Zuzendaritzarekin biltzen hasi ziren, eta azkenean, DBHko 4. mailako eta batxilergoko ikasleen komunak beti irekita izatea lortu zuten, eta baita komuneko hainbat azpiegitura hobetzea ere.

Egindako bideaz harro

Lizarraldeko Ikasle Autodefentsa Sareko kideek adierazi dutenez, "harro" daude aurrera eraman ahal izan dituzten lanketekin: "Zuzenean ikusi dugu arazoen aurrean emaitza eraginkorragoak lortzeko aukera eman digula". Hala, ikasturtean abiatutako bideak emandako fruituak ikusita, egindakoari heltzeko hautuan berretsi dira: "Argi dugu bide horretan segituko dugula, hurrengo ikasturtean helburu berriei eutsi eta borrokan jarraituko dugula".