Aurtengo Erresistentzia Jaialdia Zestoan (Gipuzkoa) antolatu du Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak, Zestoako Gazte Asanbladarekin elkarlanean. Aurreko larunbatean izan zen ekimena, maiatzaren 17an, eta musikari ugarik parte hartu zuten egitarauan: Kaparrak, Rodeo, La Txama, J Martina, Ke Lepo & Felix Buff, Hazas & Jagoba, Malakias MX3, Mutiko, Eire... Arratsaldeko 18:00etan hasi zen jaialdia herriko plazan, eta goizaldera arte luzatu zen.
Defentsa Komunitatearen Erresistentzia Kutxa hornitzeko, Euskal Herriko hainbat Gaztetxetan eta espaziotan egin dituzte jaialdiak hainbat urtez, eta Erresistentzia Jaialdi nazionalak ere izan dira, aurreko astean Zestoan egindakoa bezalakoak. Defentsa Komunitateak gogorarazi duenez, "Langile Kontrolpeko Espazioak eskuratzeko, mantentzeko eta indartzeko ezinbesteko tresna da Erresistentzia Kutxa", eta hura hornitzeko eta hari ekarpena egiteko bultzada handia izan ohi da Erresistentzia Jaialdi nazionala. "Defentsarako mekanismo eraginkorrak garatzeko eta errepresio ekonomikoari kolektiboki erantzuteko, antolatu dezagun elkartasuna", aldarrikatu du.