AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Aurkezpenetako bat, Azpeitian.
2022/10/13 13:11

Ikasle Abertzaleakek aurreko astean egin zuen deia jendaurrean: urriaren 27an greba egitera deitu ditu Hego Euskal Herriko Bigarren Hezkuntzako ikasleak, "politikarien iruzurrari eta hezkuntza erreformei aurre egiteko", eta "ikasleon arazo errealak gaindituko dituen hezkuntza sistema bat" aldarrikatzeko. "Ofentsiba kapitalistak aurrera darrai, eta instituzio eta agintari politikoen kudeaketa ankerrak Kapitalaren erasoa egikaritzen eta bideratzen laguntzen dute", esan zuten agerraldian IAko kideek: "Horregatik, IAtik, erreforma prozesu horren aurrean antolatu eta kaleak hartzeko deia luzatu nahi dugu".

Hala, bi aste barru, urriaren 27an, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo dituzte mobilizazioak ikasleek, Hezkuntzan ofentsiba kapitalista gelditu! lelopean. 11:30ean hasiko dira Donostiako (Gipuzkoa) eta Gasteizko (Araba) mobilizazioak, Bulebarretik eta Andre Mari Zuriaren plazatik, hurrenez hurren. 12:00etan, berriz, Iruñeko (Nafarroa) eta Bilboko (Bizkaia) manifestazioak izango dira, Sarasate pasealekutik eta Eliptika plazatik abiatuta.

IAko kideek hainbat aurkezpen saio antolatu dituzte lekuan leku, greba deialdia aurkezteko eta nondik norakoak azaltzeko. Zehazki, Aiaraldean (Araba/Bizkaia), Arabar Errioxan, Baztanen (Nafarroa), Bidasoan (Gipuzkoa), Bilbon, Bortzirietan (Nafarroa), Hego Uriben (Bizkaia), Busturialdean (Bizkaia), Debagoienan (Gipuzkoa), Debabarrenan (Gipuzkoa), Donostian, Durangaldean (Bizkaia), Gasteizen (Araba), Goierrin (Gipuzkoa), Iruñerrian, Lea-Artibain (Bizkaia), Lizarran (Nafarroa), Sakanan (Nafarroa), Tolosaldean (Gipuzkoa), Urola Erdian (Gipuzkoa) eta Urola Kostan (Gipuzkoa) prestatu dituzte aurkezpenak, tokian tokiko ikastetxe ugaritan. Eskualde edo hiri horietako IAko taldeen sare sozialetatik argitaratu dituzte deialdi zehatzak.

EZ DAGO IRUZKINIK