AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/11/15 14:04

Espainiako Estatuan, kontrol polizialerako tresna berri bat izango dute aurki polizia-indarrek —Guardia Zibilak, Espainiako Poliziak nahiz autonomia erkidegoetako polizia-indar bereziek—; hain zuzen, aurpegiak miatzeko eta antzemateko sistema automatiko berri bat jarriko dute haien esku, ABIS izenekoa —Automated Biometric Identification System—. Adimen artifiziala erabiliz, irudi bat hartu eta aurpegiak antzematea ahalbidetzen du sistema horrek, segundu batzuen buruan.

Frantziako Estatuko Thales enpresak garatu du tresna berria; aditua da teknologia militarrari dagokionez. Poliziek jaso eta sisteman sartutako irudiak datu basean dauden irudiekin alderatzen ditu sistemak, identifikazio-lanak egiteko.

Espainiako Barne Ministerioaren arabera, hainbat proba egin dituzte jada, eta datu basea osatzen ari dira oain; polizia-indarrek emandako baliabideak eta informazioa ari dira horretarako baliatzen. Antza, Barne Ministerioak hiru urte baino gehiago daramatza tresna lantzen, eta prest dagoenean hasiko dira polizia-ikerketetan erabiltzen. Badirudi hainbat hilabete barru jarriko dutela martxan.

Barne Ministerioak dio dagoeneko atxilotuak izan diren eta fitxatuta dauden "susmagarrien" irudiak sartuko dituztela datu basean, baina zenbait iturriren arabera, milioika irudi gordeko dituzte; 3,9 milioi eta 5,6 milioi artean egon daitezke datu baseko irudiak. Gainera, sistema martxan jartzen denetik atxilotuko dituzten pertsonen argazkiak ere jasoko dituzte datu basean.

Barne Ministerioaren esanetan, "delitu larriak" direnean soilik erabiliko litzateke ABIS sistema; hainbat adituk seinalatu dutenez, baina, erabilera horren gardentasun-bermerik ez dago une honetan.

EZ DAGO IRUZKINIK