AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: ELA
2020/12/04 13:02

Iragan azaroaren 18an iragarri zituen kaleratzeak ITP Aero enpresako zuzendaritzak Sestaon (Bizkaia) eta Barakaldon (Bizkaia) dituen lantegietan. 133 dira kanporatuak izango diren langileak, zehazki. Kaleratzeak eteteko xede argiarekin, atzo hasi zituzten mobilizazioak bi plantetako beharginek. Osotara, 500 langile inguru izan dira deituak mobilizatzera.

Atzo, hain zuzen, lau orduko lanuzteak egin zituzten txanda bakoitzeko, eta dinamika berdinari helduko diote datorren asteazkenean, abenduak 9. Hurrengo egunean, abenduak 10, egun osoko greba eguna izango dute. Izan ere, egun horretan bilduko dira hirugarrenez zuzendaritza eta sindikatuak, enplegu-erregulazio espedientearen inguruan hitz egiteko.

Abenduaren 14tik aurrera ere grebara joko dute langileek, eta dirudienez, abenduaren 22ra bitartean izango dira deialdiak.

UZTAILETIK BORROKAN

Aurtengo uztailean iragarri zituen lehenengo kaleratzeak ITP Aeroko zuzendaritzak, kaleratze masiboetarako asmoa agerian utziz. 600 ziren, hasiera batean, aurreikusten ziren kaleratzeak.

Handik gutxira, irailean, Zamudioko (Bizkaia) lantegitik 194 langile kanporatuko zituela adierazi zuen zuzendaritzak, langileak greba bete-betean zeudenean. Irailean lau egunez egin zuten greba beharginek, manifestazio bat egitearekin batera.

Kaleratzeen kopuru zehatza jakin ostean, urrian, hiru egunetan egin zuten greba Zamudioko langileek. Aurrera jarraitu dute borrokaldiarekin eta, azaroan, Sestaoko eta Barakaldoko fabriketan gauzatu nahi diren kaleratzeak atera ziren argitara.