Gaur sartu da indarrean Espainiako Gobernuak iazko azaroaren 19an onartutako atzerritartasun-araudi berria, duela sei hilabete argitaratu zutena Estatuko Aldizkari Ofizialean. Testuak "araudia egungo migrazio-errealitatera egokitzea" bilatzen du teorian, eta datozen hiru urteetan 900.000 pertsona ingururen egoera administratiboa erregularizatzea izango omen du helburu.
Elma Saiz Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroaren hitzetan, "anbizio handiko erreforma da, hamahiru urteren ondoren eta giza-eskubideen defentsaren ikuspegitik, egungo migrazio-errealitateari erantzuten diona, arlo horretako Europako araudia egokituz".
Berrikuntzen artean, "sustraitzearen" ("arraigo") kontzeptua birmoldatzen da, bost mota bereiziz: "sustraitze soziala", "sustraitze soziolaborala", "familia-sustraitzea", "sustraitze sozioformatiboa" eta "bigarren aukerako sustraitzea" (berriak dira azken bi mota horiek). Bestalde, hiru urtetik bi urtera murriztu dute pertsona migratu baten errotzea aitortzeko denbora; eta, gainera, familiak berriz elkartzeko oinarri legala zabaldu dute, seme-alaba onuradunen adina 26 urtera arte luzatuz.
Kritikak: asilo-eskatzaileen etengabeko itxaronaldia
Hala ere, erregelamendu berriak kritikak piztu ditu, izan ere, xedapenetako batean, nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonak kaltetzen dira. Behin Espainiako Estatuan egonik norbaitek nazioarteko babesa eskatzen badu eta ukatu egiten badiote, gero ez da kontuan hartuko asilo-eskatzaileek erantzun baten zain igaro duten denbora, bizileku-baimena edo euren "sustraitzea" aitor diezaietela eskatuz gero. Horrek esan nahi du, babes-eskaera ukatzen dieten pertsonen kasuan, gutxienez bi urte gehiago itxaron beharko dutela egoera irregularrean.
Horiek horrela, aldi hori sei hilabetera (urtebetean) murrizten duen neurri "iragankor" bat ezarri zuen Moncloak. Hala ere, Espainiako Giza Eskubideen Aldeko Elkarteak, CEARek, Caritasek eta beste erakunde batzuek araudiaren aurkako helegitea jarri dute jada Espainiako Auzitegi Gorenean. Oraindik ez dute ebazpenik eman. Bestalde, EFE agentziak jasotzen duenez, Herriaren Defendatzaileak ohartarazi du "milaka adingabe berehalako irregulartasunera" bultza ditzakeela erreformak.
Ondorio negatiboen aurrean, Espainiako Gobernua neurri berriak hartzen ari da eragin horiek "arintzeko", eta aldatu egin du pertsona migratzaileak ohiz kanpo erregularizatzeko Herri Ekimen Legegilearekiko jarrera: negoziazioak bultzatu ditu Diputatuen Kongresuan, hura tramitatzeko. Ekimen horren aldeko 600.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte, eta urtebete baino gehiago darama mahai gainean Parlamentuan.