Ategorrietako sarraskiaren 94. urteurrena izango da aurten. 1931ko maiatzaren 27an, Espainiako Estatuko II. Errepublikaren agindupean, milaka arrantzale grebalariren aurka oldartu zen Guardia Zibila Ategorrietako Erlojuaren aurrean. Hamar behargin hil zituzten hala guardia zibilek, baita beste 33 zauritu ere.
Pasaiako portuko arrantzaleak "atxilotutako kideen askatasuna eta seme-alabentzako ogia" exijitzen ari ziren kalean. Izan ere, hainbat eskaera egin zizkieten armadoreei urte horretako apirilean: Sole Handira arrantzara joaten ziren langileek hilabetean 300 pezeta irabaztea, astean atsedenerako jaiegun bat izatea, eta lanaldia hamabost ordukoa baino luzeagoa ez izatea. Exijentzia horiek aldarrikatzeko, grebara jo zuten maiatzean, eta maiatzaren 27an greba orokor bat izaten ari zen.
Azken urteetan, hainbatetan oroitu dituzte 1931n Guardia Zibilak eraildako langileak. Are, Kontseilu Sozialistek azaldu izan dute "klase-borrokaren historian kokatu behar den gertakari bat" dela Ategorrietako sarraskia: "Hildakoak omentzea eta haien oroimena berreskuratzea beharrezkoa da halakorik berriro gerta ez dadin, eta argi esan dezagun horretarako modu bakarra sistema kapitalistaren suntsiketa eta sozialismoaren eraikuntza dela; klaserik gabeko gizarte baten eraketa".
Omenaldia maiatzaren 25ean
Aurten ere omenduko ditu duela 94 urte hildako grebalariak Donostiako Kontseilu Sozialistak. Igande honetan, maiatzaren 25ean, Trintxerpeko (Gipuzkoa) Gudarien Plazan egingo du ekitaldi politiko bat, 12:30ean hasita. Ategorrietako sarraskia gogoan. Oroimena borrokan eraiki lelopean antolatu dute ekimena.