AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Tolosaldeko GKS
2021/09/13 10:50

Ertzaintzak bi gauez jarraian esku hartu zuen Galdakaon (Bizkaia): ostiral eta larunbat gauetan sartu zen Somera kalera, 02:00ak aldera bi kasuetan. Larunbat gauean, hain zuzen, Juan Bautista kalea eta herri ingurua hartu zituzten polizia-indarrek, eta gogor jazarri zituzten kalean zeuden gazte taldeak. Hego Uribeko Gazte Koordinadora Sozialistak azaldu duenez, gazteen atzetik aritu ziren ertzainak, mehatxu egin zieten, hainbat eta hainbat jipoitu zituzten eta, zenbaiten kasuan, polizia-furgoien bidez harrapatzen eta zapaltzen saiatu ziren.

Bi gauetan izan ziren poliziek identifikatutakoak, eta larunbat gauean, gainera, pertsona bat eraman zuten atxilo. "Poliziaren oldarkeriak ez dio osasun-neurrien betebeharrari erantzuten, bizi dugun krisi testuinguruan, proletalgoaren prozesu diziplinatzaileari baizik", salatu dute Hego Uribeko GKSko kideek.

Bestalde, Tolosaldeko GKSk jakinarazi du larunbatean Anoetan (Gipuzkoa) eta Tolosan (Gipuzkoa) ere oldartu zela Ertzaintza, argazkietan ikus daitekeenez. "Honakoak, azkenaldian etengabe errepikatzen ari diren gazteon aurkako kriminalizazio gertaera moduan hartu behar dira", esan dute GKSko kideek: "COVID-19aren testuingurua aitzakiatzat hartuta, gazteak sumisioan eta obedientzian hezteko asmoz gauzatutako erasoa da honakoa, eta ez du inolako zerikusirik gure segurtasuna eta osasuna bermatzearekin".

EZ DAGO IRUZKINIK