Egun gutxi batzuk baino ez dira geratzen Iruñean (Nafarroa) San Fermin jaiak hasteko, eta, horren atarian, kalean gazte migranteen kontra oldartzeko taldeak antolatu nahian ari dira zenbait kanal erreakzionariotan, Iruñerriko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) salatu duenez. Besteak beste, Telegrameko Lo que no te cuentan de Pamplona kanalean eta Instagrameko Esto es un pitorreo profilean ari dira erasorako talde erreakzionarioak sortzera deitzen.
GKSk ohartarazi duenez, "ideia erreakzionarioak gero eta gehiago zabaltzen ari dira", eta Martzillako (Nafarroa) eta San Adriango (Nafarroa) azken mobilizazio arrazistak dira horren erakusle. "Geroz eta larriagoa da ideia erreakzionarioen eta talde faxista antolatuen normalizazioa", gazte-antolakundearen esanetan, eta azpimarratu du Iruñea ez dela salbuespena.
Iritzi dio, sanferminetan bertan jazo daitekeenari aurrea hartuz, "errelatu faltsuak" hedatzeko baliatuko dutela edozein gertaera "alderdi eskuindarrek, ultraeskuindarrek eta talde faxistek", "masa-komunikabideek lagunduta". Horiek horrela, beste hamaika kasutan ikusi denez, "ideia faxistak eta arrazistak zabalduko" dituztela uste du GKSk.
Gaineratu du faxismoak besteak beste "segurtasunari" lotuta proposatutako alternatiba orok "Poliziaren presentzia eta errepresioa justifikatzeko eta indartzeko balio" duela: "Ezin dugu onartu ezer konponduko ez duten eta eskubide politiko eta sozialak murriztuko dituzten neurri autoritarioen gogortzea". Horiek horrela, Iruñerriko GKSko kideek funtsezkotzat jo dute gazteek "diskurtso horiek guztiei" aurre egitea eta "lehen lerroan egotea", baita "faxismoaren eta arrazakeriaren aurka kaleak hartzen jarraitzea" ere.