Arcelor Mittal enpresak atzera bota du Legasako (Nafarroa) eta Aguraingo (Araba) lantegietan ezarri nahi zuen lan-erregulazioko espedientea, atzo Nafarroako Lan-Auzitegian jakinarazi zuenez. Besteak beste, 40 beharginen kaleratzea ekarriko luke espedienteak.
Plantillak gaur hasi behar zuen greba mugagabea neurri horren kontra. Izan ere, akordiorik gabe bukatu zen espedienteari buruzko kontsulta-aldia, eta kaleratze kolektiboa egiteko asmoari eutsi zion enpresa-zuzendaritzak. Gainera, langileei kalte-ordain minimoak ematea baino ez zuen eskaini, aurretiazko erretiroak hartzeko edo tokialdatzeko aukerarik eman gabe.
Dena den, beharginek uztailaren 1ean greba mugagabera joko zutela azaldu zuten aurreko astean, eta lanuztea hasi baino egun bat lehenago esan du enpresak atzera egingo duela espedientearekin. Oraingoz, beraz, ez da kaleratze kolektiborik izango.