AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/03/09 19:51

Pandemia sasoiaren eta energiaren garestitzearen lehen faseetako malgutasun fiskala atzean geratzear da Europar Batasunean (EB). Trajez eta gorbataz jantzitakoek esan ohi duten bezala: "Gerrikoa estutu beharko da". Europako Batzordeak lau urte beranduago desegin du "ihes-klausula" deiturikoa, erkidego ekonomikoko estatuei zorpetzeko abagune handiagoa uzten ziena. 2024an, EBko herrialdeen aurrekontuek Barne Produktu Gordinaren (BPG) %3ko defizit-helburua ezartzen duen langa fiskal horretara itzuli beharko dute.

Europako Batzordeak lau urte beranduago desegin du "ihes-klausula" deiturikoa, erkidego ekonomikoko estatuei zorpetzeko abagune handiagoa uzten ziena

Oraingoz, badirudi ez direla Euroguneko azken krisiko arau zorrotzenetara itzuliko, eta Troika-ren beltzezko gizonak ez direla Bruselatik ibiliko. Epe motzean ez da prozedura zuzentzailerik irekiko arazo fiskal larriak dituzten herrialdeekin, datorren urteko udaberrian hautemango baitira horren lehen zantzuak. Bitartean, ziurgabetasuna "handia" dela ziurtatu du Paolo Gentiloni Ekonomia eta Finantza komisarioak.

2023. eta 2024. urteen artean, EBk "trantsizio fiskala" biziko duela iragarri dute dagoeneko. Arau berriak oraindik ez dituzte onartu, baina COVID-19a eta energiaren garestitzearen olatuaren lehen gailurra igaro ondoren, ordaindu beharreko zor publiko mordo bat geratu da estatuen eskuetan. Arau fiskalak urratzen dituzten estatuentzako prozedurak ez dira martxan jarriko 2023. urtean zer gertatzen den ikusi arte. Eurostat Europako Estatistika Bulegoak 2024ko apirilean argitaratuko dituen datuen arabera hartuko dute behin betiko erabakia. Bitartean, gauza bat argi utzi du Vladis Dombrovskis Europar Batzordeko ekonomia lehendakariordeak: "Babes-klausula orokorra 2023. urtearen amaieran desaktibatuko da".

Irizpide murriztaileak estatu bakoitzaren zor publikoaren arabera moldatuko dira 2024rako, hau da, bakoitzak bere modura, baina denek estutu beharko dute gerrikoa

Brusela eta 27 estatuak prestatzen ari diren erreformaren "elementu jakin batzuk" argitaratuko dituzte maiatzean, Bruselak herrialde bakoitzari emango dizkion gomendio espezifikoetan. Gainontzean, irizpide murriztaileak estatu bakoitzaren zor publikoaren arabera moldatuko dira 2024rako, hau da, bakoitzak bere modura, baina denek estutu beharko dute gerrikoa.

Hogeita zazpien Europako BPGaren %85 baino handiagoa da zor publikoa


Modulazioak modulazio, politika fiskalean ez dago maniobrarako abagune handirik: "Une honetan, zerga-politika haitzarte estu batetik mugitzen ari da", aitortu du Gentilonik. 2008 osteko krisian metatutako zor kantitate handiaren eta pandemiaren artean dagoen maniobra-marjina txikia dela eta, Hogeita zazpien Europako BPGaren %85 baino handiagoa da zor publikoa. Ohartarazi dutenez, zor horren finantzazio kostuak garestitu egingo dira interes tasek gora egin ahala, eta inbertsio publikoak egingo dituzte datorren "trantsizio bikoitzerako": "trantsizio ekonomiko zein digitalean" eta "segurtasun eta defentsa politika suspertzean". Alegia: teknologikoki lehiakorrenak diren industriak eta kontrol soziala zein berrarmatze-prozesu militarra finantzatzeko baino ez da onartuko gastu publikoa handitzea.

Teknologikoki lehiakorrenak diren industriak eta kontrol soziala zein berrarmatze-prozesu militarra finantzatzeko baino ez da onartuko gastu publikoa handitzea

Gerrako ekonomia

Europako Inbertsio Bankuak (EIB) EBko armagintza industria finantzatzea proposatu du Bruselak, Ukrainari babes militarra indartzea helburu. Urrats esanguratsua da, EIBren arauek armak edo munizioak finantzatzeko aukera baztertzen baitzuten orain arte, eta horrek Hogeita zazpien oniritzia galdegiten du. Zeinbait estatu kidek zalantza izan dezaketen arren, planak euren armadak modernizatzeko aukerak ematen dituen neurriak aurreikusten ditu, eta eskaintza eskuzabala da: bidalitako munizioaren %90 finantzatuko du EBk. Erosketak are gehiago bizkortzeko, EBz kanpoko mendebaldar bloke inperialistako herrialdeak ere gonbidatuko dituzte.

Beraz, auzia ez da Ukrainako gerran geratzen. Kieventzako "opariez" gain, eta aldi berean horrek bultzatuta, EBko kideek euren armategiak berregitea bilatzen dute. Europa berrarmatze-prozesu betean murgildu da, eta horren seinale da EBren adar finantzarioek material militarraren erosketari ezartzen zioten beto formalaren amaiera. Thierry Breton Barne Merkatuko komisarioak asteazkenean bertan aurkeztu zuen plana Estokolmon (Suedia).

Auzia ez da Ukrainako gerran geratzen. Kieventzako "opariez" gain, eta aldi berean horrek bultzatuta, EBko kideek euren armategiak berregitea bilatzen dute

Bretonen aldamenean izan zen Josep Borrell EBko Kanpo Politikarako goi ordezkaria. Ukrainari "materiala" emateko prozesua bizkortzeko neurri sorta bat aurkeztu zieten ministroei: 155 milimetroko obusak. Oparitutako "material" horrek 1.000 milioi euro inguru balio dituela kalkulatzen du EBk, 27 kideei pixkanaka itzuli beharko dietena. Izan ere, ez dute Europako armategiak hutsik uzteko inolako asmorik, eta Errusiaren aurka erabiltzeko prestatuko dituzten arma bidalketa guztiek "berriz hornitzeko egutegi argia" izan beharko dutela aurreratu dute jada. Beraz, industria militarraren ekoizpen-erritmoa bizkortu eta horniketa-kateak modu eraginkorrean kudeatu beharko dituzte; "gerrako ekonomia", euren hitzetan.

Ildo beretik, armagintza industria finantzatzeko inoizko proposamenik zehatzenak eta argienak mahaigaineratu dituzte. EIBren Segurtasun Estrategikorako Europako Ekimen berriak, 2022ko martxoan onartuak, arlo militar zein zibileko proiektuak finantzatzeko aukera ematen du ordutik. Horretarako, erakundeak 6.000 milioi euro jarri zituen mahai gainean, 2027ra arte. Hala ere, erakundeak zehaztu zuenez, funts horiek "ez ziren armamentuan inbertituko". Bere politikekin bat, EIBk ezin zituen "defentsarako" zein "erabilera zibilerako" helburu hutsetik haraindiko inbertsioak finantzatu. Aurrerantzean, bai. Bestalde, proiektuek "izaera zibila" izateak ez du kaltegabeak direnik esan nahi. Horien barruan sartzen dira polizia armatzeko planak, kontrol sozialerako teknologiak, eta abar.

EIBk ezin zituen "defentsarako" zein "erabilera zibilerako" helburu hutsetik haraindiko inbertsioak finantzatu. Aurrerantzean, bai


"Oso estrategikoa"

Breton argi mintzatu izan da proiektuaren garrantziaz: "Asko presionatuko dut EIBko batzordea mugi dadin. Segurtasuna erabat derrigorrezkoa da denontzat Europan". Zentzu horretan, armagintza industriak finantzaziorako sarbide erraza izatea "oinarrizkoa" dela azpimarratu du. "Oso estrategikoa da une honetan", berretsi du. EIBren baitan erreforma sustatzeaz gain, armen erosketa kolektiborako eta industria bera finantzatzeko tresna juridiko berria indartzeko asmoa ere iragarri dute: Eskuratze Komunaren Legea (EDIRPA, ingelesezko sigletan). Iragan uztailaren 19an onartu zen lege berria, "epe laburreko finantza-tresna gisa jardutea" helburu duena. Gaur-gaurkoz, EBren aurrekontuetako 500 milioi euro daude zakuan, baina ez dute handitzea baztertzen.

Gaur-gaurkoz, EBren aurrekontuetako 500 milioi euro daude zakuan, baina ez dute handitzea baztertzen

EZ DAGO IRUZKINIK