AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: El País
2022/05/05 09:30

Berriki jakinarazi dute erregistratutako langabezia tasak behera egin duela apirilean Hego Euskal Herrian: 148.980 langabe daude Nafar Lansaren eta Lanbiden izena emanda, martxoan baino 2.503 gutxiago. Baikorrak omen dira azken urteari erreparatuta argitaratu berri dituzten datuak ere; izan ere, iazko apirilarekin alderatuta, lan kontratua duten 33.143 pertsona gehiago daude une honetan. Aste Santua apirilean izateak, noski, eragin du horretan. Langabezia tasa, dena den, %10,9koa da oraindik Hego Euskal Herrian.

Apirilean sinatu diren lan kontratuei erreparatuta, bestalde, oraindik ere oso altua da aldizkako kontratuen kopurua. Apirilean 78.851 kontratu berri egin dira Hego Euskal Herrian, baina horietatik 23.546 soilik izan dira mugagabeak; %30 inguru. Martxoan, hala ere, %20 soilik izan ziren kontratu mugagabeak.

Espainiako Estatu mailako datuak aztertuz gero, are deigarriagoa da mugagabe modura sailkatutako kontratuen gorakada. Apirilean, sinatutako kontratuen erdia izan dira mugagabeak; azken hamarkadan, gutxi gorabehera, sinatutako kontratuen %10 baino ez dira mugagabeak izan.

Baikortasunez aurkeztu dituzten datu horien atzean, baina, bada azpimarratzeko elementu nagusi bat. Erraz eta pozez nabarmendu dute hainbat iturrik apirilean gora egin duela kontratu mugagabeen kopuruak, baina aitortu dutenez, kontratu mota engainagarri batek ahalbidetu du ustezko gorakada hori: aldizkako kontratu finkoak ("contrato fijo discontinuo" deiturikoa). Lanean ez dauden denboraldietan, aldizkako kontratu finkoa duten langileak ez dituzte langabetzat jotzen estatistiketan.

Amarrua

Otsailean onartu zuten lan erreforma Espainiako Estatuan, eta martxoan sartu zen indarrean. Erreforma horrek, besteak beste, aldizkako kontratu finkoak indartzen ditu. Eta ustez, behin-behinekotasunari aurre egiteko bilatzen du hori.

Lehendik ere baziren aldizkako kontratu finkoak, baina horiek indartzen ditu lan erreformak, behin-behineko kontratuen "alternatiba" modura salduta. Aldizkako kontratu finkoak, ordea, ez du kontratatutako langileen behin-behinekotasuna konpontzen. Izan ere, kontratu mugagabea egiten zaie beharginei, baina lanpostuan egingo dituzten lanak aldizkakoak izango dira; behin-behinekoak, denboraldi zehatzetan.

Gainera, hitzarmen kolektibo zehatzak agintzen ez badu behintzat, ez dago zehaztuta langileek gutxienez zenbat egunez egon beharko luketen lanean, eta kopuru maximorik ere ez dago ezarrita. Erabatekoa da malgutasuna.

EZ DAGO IRUZKINIK