AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/11/09 09:23

Añorgako Gazte Asanbladak (Donostia, Gipuzkoa) Errepresioari aurre egin dinamikaren berri eman du. Abendu amaierara bitartean gauzatuko dute dinamika, alarma egoeran eta salbuespen neurrien testuinguruan kalean izan diren errepresio kasuak eta COVID-19aren krisiari eman zaion aterabide poliziala salatzeko, nahiz jazarriak izan diren guztiei elkartasuna adierazteko. Helburu nagusitzat hartu dute, hain justu, pertsona horiei sostengu ekonomikoa ematea.

Adierazpen bat argitaratu du Añorgako Gazte Asanbladak, eta azaldu duenez, pandemia garaian indarkeria polizialaren gorakada nabaria izan da kalean; polizien kargak, identifikazioak, jarraipenak nahiz mehatxuak eguneroko ogia bihurtu direla salatu dute.

Salbuespen neurriak indarrean egonda edo horren ondorengo testuinguruan, hainbat eta hainbat pertsona izan dira isunen bitartez ekonomikoki jazarriak edota atxilotuak, eta asko dira horren guztiaren ondorioz prozesu judizialen batean auzipetuta daudenak edo "lan komunitarioak" egitera behartuta daudenak.

Añorgako Gazte Asanbladako kideek adierazi dute "kontrol sozialaren areagotzea eta diziplinamendua" bizi ditugula "pandemiaren aitzakiapean", eta askatasun politikoen deuseztapena zein aterabide polizialaren normalizazioa salatu dituzte. Gainera, egoera horrek guztiak gazteen kriminalizazioa indartu duela seinalatu dute, gazteak pandemiaren erantzuletzat aurkeztu direlako eta iritzi publikoa krisiaren kausa errealetatik aldendu delako.  

Inguruan jazarriak izan diren pertsonen sostengu ekonomikoa ahalbidetzen saiatuko dira, beraz, datozen asteetan. Diru bilketa fisiko zein digitalak eta elkartasun afari bat antolatuko dituzte asanbladako kideek, hain zuzen. Añorgar orori parte hartzeko deia egin diote.

EZ DAGO IRUZKINIK