AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / X-tik hartutakoa
2025/06/19 09:57

PSOEren ustelkeriari buruzko azken eskandaluen ostean, politika instituzionaleko taula berdin mantendu da Hego Euskal Herrian ere. Eta baikortasunez hitz egin du PSOEk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan daukan liderrak, Eneko Anduezak: uste du bere alderdia babesten jarraituko dutela bai EH Bilduk bai EAJk, dagoeneko ikusi den bezala.

PSE-EEko idazkari orokorra den Anduezak adierazi du "harriduraz" eta "dezepzioz" hartu duela Santos Cerdan erdigunean daukan azken ustelkeria kasua, baina bere alderdia "indartzearen" alde egin du, besteak beste, "aurrerapen sozialen" berme dela esanez.

Horri lotuta, nabarmendu du ez duela arriskuan ikusten EH Bilduk eta EAJk PSOEri ematen dioten sostengua: "Ez ditut babesak arriskuan ikusten". Izan ere, Anduezak aldarrikatu du "izan daitekeen okerrena" dela "alternatiba", PPri eta Voxi erreferentzia eginez eta sozialdemokraziak erabili ohi duen argudio nagusiari helduz.

Beraz, eskandaluak eskandalu, badirudi gobernatzen jarraituko duela PSOEk. Espainiako Gobernuko buru izaten jarraituko du, besteak beste EH Bilduren eta jeltzaleen babesari esker; Eusko Jaurlaritzan jarraituko du EAJren ondoan; eta Nafarroako Gobernuan segituko du Geroa Bairekin eta Contigo-Zurekinekin batera, lekuan lekuko udaletako gobernuetan egoteaz gain.

EZ DAGO IRUZKINIK